euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bizkaiko Simon Bolivar museoak 25 urte bete ditu Euskal Herria eta Amerika arteko zubi lana eginez

2008/07/28

M. Josune Ariztondo, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Foru-Diputatua; Ana Arriaga, Simón Bolívar Museoko zuzendaria eta Jose Azpiazu, Ziortza-Bolibarko alkatea, liburuaren aurkezpenean
M. Josune Ariztondo, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Foru-Diputatua; Ana Arriaga, Simón Bolívar Museoko zuzendaria eta Jose Azpiazu, Ziortza-Bolibarko alkatea, liburuaren aurkezpenean

PUBLIZITATEA

Museoak Ameriketako hainbat herrien independentzian berebiziko eragina izan zuen Simon Bolivarren ondarea jasotzen du eta bere familiaren jaioterria izan zen izen bereko herri bizkaitarraren historia ezagutaraztea du helburu. Mende laurden honetan erakundeak Euskal Herrian bizi den euskal-venezuelar komunitatearekin harreman estua izan du eta, elkarteko zuzendari Ana Arriagak azaltzen duenez, gero eta gehiago dira museora etortzen diren Venezuela, Kolonbia, Peru, Bolivia, Panama eta Ekuadorreko bisitariak.

Ziortza-Bolibar, Bizkaia. Simon Bolivar museoa bere sorreraren 25 urteak ospatzen ari da aurten eta hori dela eta ekitaldi berezia egin zen bizkaitar herrian joan den asteazkenean. Erakundea 1983an jaio zen, Bolivar 'Libertadorearen' familiaren sorlekua izan zen Errementarikua baserria erosi eta museo bihurtu zenean. 'Helburua herriaren historia ezagutzera ematea zen, eta historia horrekin lotua, noski, Simon Bolivarren ondarea', azaltzen dio EuskalKultura.com-i Ana Arriaga museoko zuzendariak. 'XVI. mendean indarrean zegoen maiorazko legea dela eta ondasun guztiak seme nagusiarentzat ziren eta hemen aukerarik ez zuenez Bolivarren birraitonak Ameriketara joan behar izan zuen. Haren ondorengoen seme, Ameriketan jaio zen Bolivar, 1783an'.

Museoaren 25 urteak direla eta, erakundeak herriaren eta bertako 'seme' ezagunaren historia jasotzen duen liburua plazaratu du, Bolivarren jaiotzaren 225 urteurrenarekin batera. Hiru zati ditu liburuak: Ertaroko bizimoduari buruzkoa, Iñaki Garcia Camino historialariak idatzia; Simon Bolivar berari buruzkoa, Oscar Alvarez Gila ikerlariak idatzia eta museoaren historiaren gainekoa, Ana Arriaga zuzendariak bere gain hartutakoa.

Euskal-amerikar konexioa

Liburuaren aurkezpen ekitaldian besteak beste Venezuela, Panama eta Boliviako kontsulak egon ziren, Bolivarren izenak Ameriketan duen ospearen adierazle. 'Kolonbia, Ekuador eta Peruko kontsulak ere gonbidatuta zeuden, herri hauen independentzietan ere zeresana izan zuen Bolivarrek eta', azaltzen du Arriagak, museoak ordezkaritza hauekin duen harremana azpimarratuz. Zuzendariak, era berean, erakundeak Euskal Herrian bizi den euskal-venezuelar komunitatearekin duen harremana azpimarratu du eta museoak gero eta herrialde hauetako bisitari gehiago jasotzen dituela azaldu du. 

Honekin batera, asteazkenean museoak antolatzen duen V. Literatur Lehiaketaren irabazleei saria banatu zien. Irabazleak Oihane Mitxelena, Isabel Brotons, María Beunza, Laura Antoñana eta Ana Navarrina donostiarrak izan ziren. Egunari bukaera emanez, Inarhú Silva kantari venezuelarrak kontzertua eskaini zuen Simon Bolivar plazan.

-Museari buruzko informazio gehiago, hemen
-Simon Bolivarri buruzko datu gehiago, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia