Erakusketa antolatu du Bizkaiko Foru Liburutegiak 19. mende amaieratik aurrera erbesteko euskal komunitateetan argitaratutako agerkari sorta hautatuz. Europan eta Hego Ameriketako euskal agerkarietako nabarmenenak biltzen ditu, bere egoitzan eta urriaren 31eraino ikusi ahal izango diren izenburuak erakutsiz. Erakusketako liburuska ere argitaratu du eta hona ekarri dugu pdf formatuan.
Bilbo, Bizkaia. Joan den astean, urriaren 3an zabaldurik, ikusgai dago Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren Foru Liburutegiaren egoitzako bigarren solairuko Areto Nagusian, "Euskal diasporaren argitalpenak" izeneko erakusketa. Bertan, bistadizoa ematen zaio Hego Ameriketako eta Europako erbestean euskaldunek kaleratu izan dituzten agerkari eta argitalpenen munduari, erbesteko euskal izenburuen selekzio bat egin eta jendaurretuz.
Eskaintzen zaigun ibilbideak Argentina-Uruguai aldera (Rio de La Platara) eta Kubara (Habanara) garamatza lehenik, 19. mendeko azken herenera, ez baita kointzidentzia leku eta urte horietan sortu izana lehenengo euskal etxeak, hala nola Montevideoko Laurac bat, Buenos Airesko Laurak Bat eta Habanako Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia delakoa, 1876 eta 1877 urteetan. Hauetarik, bigarrenak eta hirugarrenak jarraitzen dute gaur egun aktibo.
Erakusketaratutako izenburuen artean, Montevideoko Laurak Bat, Buenos Airesko Laurak Bat eta Habanako Laurac Bat; horiekin batera, Euskal Erria, La Baskonia, Aintzina, Herria, Euzko Deya, Gernika, Euzko Gogoa... eta beste hainbat.
Nahi duenak erakusketako liburuska ikusmira edo jaitsi dezake.
Erakusketa egunero dago zabalik.
Ordutegia: 10:30-14:30 eta 16:30-19:30 astelehenetik ostiralera
larunbatetan. 10:30etatik 13:00etara
Non: Bizkaiko Foru Aldundia, Foru Liburutegia Areto Nagusia 2. solairua
Diputación, 7
48008 - BILBAO
Telefonoa: 94 406 77 02
Faxa: 94 406 70 84
Emaila: foru_liburutegia@bizkaia.eus