euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmena sinatuko du Nevadako Unibertsitatearekin Kontzertu Ekonomikoaren ikerketa nazioartean zabaltzeko

2014/11/12

Bizkaiko Foru Aldundiak argi dauka Nevada-Renoko Unibertsitateak jokatzen duen rol garrantzitsua euskal emaitzak nazioarteratzerakoahaleginean. Irudian, aurreko lankidetza bat, Joseba Zulaika, Josune Ariztondo eta Pello Salaburu aurkezle.
Bizkaiko Foru Aldundiak argi dauka Nevada-Renoko Unibertsitateak jokatzen duen rol garrantzitsua euskal emaitzak nazioarteratzerakoahaleginean. Irudian, aurreko lankidetza bat, Joseba Zulaika, Josune Ariztondo eta Pello Salaburu aurkezle.

PUBLIZITATEA

Bizkaiko Foru Aldundiak atzoko Gobernu Kontseiluan hitzarmena sinatzea onetsi zuen Nevadako Unibertsitatearekin, EAEko Kontzertu Ekonomikoaren eta Estatu Batuetako zerga-sistema federalekiko duen erlazioaren ikerketa nazioartean sustatu eta zabaltzeko. Ogasun Sailak bultzatutako hitzarmen hau, Bizkaiko Aldundiko bi karrerako funtzionario aditu izendatzean datza, hiru hilabetez Renoko Nevadako Unibertsitateko (UNR) Euskal Ikasketen Zentroan (CBS-Center for Basque Studies) txertatzeko, bata 2015ean eta bestea 2016an, jakinarazi dute foru erakundetik ohar batez.

Bilbo, Bizkaia. Nevada-Renoko Unibertsitatea (UNR) nazioarteko ikerketa zentro ezaguna da eta ikertzaileen eta nazio eta nazioarteko konferentzien egoitza da. Horrez gain, euskal gaien inguruan ingelesezko hirurogei lan baino gehiago argitaratu dituen argitaletxea batzen du. Zentroak euskararen oinarrizko irakaskuntza eskaintzen du. Horrez gain, euskal gaien inguruko eskolak eta doktorego programa bat eskaintzen ditu unibertsitateko ikasleentzat eta gradu ondokoentzat. CBSek ikerketak egiten ditu, baita antropologia, historia, politika eta kultura, diaspora eta euskararen inguruko eskolak eman ere, azpimarratzen du Foru Aldundiak, hitzarmen honen onespena dela-eta zabaldu duen oharrak.

Nevadako Unibertsitateak 2013-2014an ezagutza alor berri bat gehitu zien bere jarduerei: ikasketa juridiko eta ekonomikoak, autogobernuaren marko ekonomiko-finantzarioan sakonduz eta bereziki EAEko zerga- eta finantzaketa-sistema publikoan. Atzokoan onetsitako hitzarmenak Nevadako zentroaren eta Bizkaiko Aldundiaren arteko lotura estutzen du, Kontzertu Ekonomikoaren gaineko ikerketa nazioartean zabaltzen lagunduko duen lankidetza-akordioarekin..

Deialdia Aldundiko funtzionario guztiei irekia da. Hautagaiek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte: ekonomiako, enpresen kudeaketako edo zuzenbideko gradua edo lizentziatura izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1en baliokide den ingeles maila izatea, eta gutxienez bost urteko lan esperientzia izatea Bizkaiko Foru Aldundian, euskal zerga-sistemen arloan. Hautatutako pertsonak ikerketa-lanak egingo ditu, EAEko Kontzertu Ekonomikoaren sistemaren eta Estatu Batuetako eredu federalen egituren arteko loturetan sakontzeko.

Era berean, eskolak emango ditu gonbidatu gisa, Renon dagoen Nevadako Unibertsitateko ekonomia sailak eskainitako zergei eta kultura fiskalari buruzko ikastaroetan. 2016an CBSek egun bateko mintegia antolatuko du euskal zerga-egituraren eta kultura fiskalaren inguruan, urte horretako eta aurreko urteko profesional gonbidatuekin batera. CBSek mintegi horretako txostenak argitara emango ditu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia