Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri du "Be Basque Talent Network" nazioarteko talentu sarea, eta dagoeneko 5.500 profesional eta ikertzaile inguruk izena eman dute bertan. Sarekideak goi-mailako prestakuntza duten profesionalak dira eta Euskadin eta munduko beste 65 herrialdetan daude kokatuta. Sarearen helburua langile hauek eta euskal enpresak harremanetan jartzea da eta, horretarako, Basque Talent Map izeneko online mapa ere sortu du.
Bilbo, Bizkaia. Bilbon aurkeztu zen atzo "Be Basque Talent Network" ekimen berria, Bizkaia:talent erakundearen hamargarren urteurrenean. Bizkaia:talent talentua sustatzeko, erakartzeko eta hari eusteko helburuarekin sortu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, eta "Be Basque Talent Network" bide horretan pausu berria da. Sarea indartsu jaio da, dagoeneko 5.000 kide inguru dituela.
Sare honek elkarrekin harremanetan jarriko ditu Euskadirekjin zerikusia duten edo izan nahi duten goi-mailako profesionalak, eta baita eurekin kontaktatu nahi duten euskal enpresak ere. Dagoeneko sarearen parte diren profesionalen artean, 2.400 inguru Euskadin bizi dira, eta beste 3.000 inguru, kanpoan. Kideen erdia, 3.000 lagun inguru, Euskadin bertan jaioak dira.
Nola erabili
Sare honek eskaintzen dituen abantailak baliatu ahal izateko, aurreneko pausua "Be Basque Talent Network"-en erabiltzaile moduan alta ematea da. Bi aukera daude: profesional edo enpresa gisa. Ondoren, web orriak erabiltzaile-profil berezirako sarbidea emango digu, eta, bertan, lan-eskaintzak zein informazio ugari egongo dira ikusgai.
Gainera, bertako zerbitzu nagusietarako sarbidea ere emango digu: Euskadiko ekonomiarekin, kulturarekin eta lanarekin lotutako zenbait gairi buruzko informazioa trukatzeko foroa eta bilaketarako tresna nagusia, "Basque Talent Map" delakoa, alegia.
Talentu mapa
Tresna horrek ikusizko mapa eskaintzen digu, herrialdearen eta hiriaren arabera sareko erabiltzaileen lan-kokapena ikusteko. Era berean, beste zenbait irizpideren arabera ere bilatu ahal izango dugu geure nahierako profesionala edo enpresa: lan-sektorea, bizilekua edo sorterria.
Prozesu horretan, erabiltzaileek euren harremanetarako datuetan zehaztutako pribatutasuna errespetatuko da beti. Horrez gain, gure herrialdean lan egiteko edo bizitzeko aukerarik izan ez duten profesionalei ere informazio erabilgarria eskaintzen zaie Euskadiko ahalmen teknologiko, zientifiko eta enpresarialari buruz, baita bertako kulturari, ohiturei eta bizi-kalitateari buruz ere.