euskal diaspora eta kultura
2011/06/10
PUBLIZITATEA
Boise, Estatu Batuak. Boisen egoitza duen Cenarrusa Fundazio euskal-amerikarrak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura departamentuak elkarrekin antolatutako ekimena izan da, Gloria Totoricaguena irakaslea antolatzaile. Asmoa, egun Bizkaian eta Euskal Herrian egiten den sukaldaritzarekiko sarrera eta aurkezpen orokor moduko bat egitea izan da, ardogintza --kasu honetan partikularzki txakolingintza-- eta jaki prestaketa barne.
Horretarako luxuzko sumiller bat, Mikel Garaizabal Pildain, eta lau sukaldari, hala nola Zornotzako Boroa jatetxeko Jabier Gartzia, Bilboko Zortzikoko Daniel Garcia, Gernika-Lumoko Zallo Barri Iñigo Ordorika eta Getxoko Jolastokiko Sabin Arana, gonbidatu ziren Boisera, joan den asteartetik aurrera zenbait erakustaldi, tailler eta ekitaldi burutzeko Zuhaitzen Hiria deitua den hiri honetan, tartean sukaldaritza lezioak, pintxoei buruzko irakaspenak, Txakolin dastaldiak eta janari-edari uztartze azalpenak, Boise State Unibertsitatean (BSU) zein hiriko Basque Block delakoan, Euskal Etxean.
Boisen ematen ari diren sei eguneko egonaldi honetan, ekitaldi publikoak asteartean hasi ziren, Boiseko Euskal Etxean eginiko txakolin dastaketa batekin. Asteazkenean eta ostegunean, euskal sukaldariek eskolak eman zituzten BSU unibertsitateko Sukaldaritza Arteen Institutuan. Bihar, azkenik, bost platereko afari berezi bat eskainiko dute Euskal Etxearen areto nagusian, Bizkaiko gastronomian zehar bidaia eginez, sukaldaritza tradizional eta berriari buruzko azapenak bilduz, eta horren guztiaren argazki edo erretratu eguneratua eskainiz bertaratuko direnei, hemen gehienbat sukalde mota herrikoi eta tradizionala, kantitatez hornitua eta erlazio kalitate-prezio onekoa baita 'euskal sukaldaritza' aipatu eta jendeari bururatzen zaiona.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus