euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Abesbatzak kantatu eta afaria prestatu zuen Limako Euskal Etxeari egindako bisitan

2024/10/15

Juan Raul Noblecilla lehendakariak eman zion ongietorria Ana Bermejo Arteagabeitia buru duen abesbatzari
Juan Raul Noblecilla lehendakariak eman zion ongietorria Ana Bermejo Arteagabeitia buru duen abesbatzari

PUBLIZITATEA

Lima, Peru. Limako Abokatuen Elkarteak antolatutako kongresu batean parte hartzera iritsi ziren Peruko hiriburura Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuko hamasei lagun, Maite Morillo Quintanilla dekanoa barne. Bidaia bi hilabete lehenago prestatzen hasiak ziren eta momentu hartan kontaktatu zuten Limako Euskal Etxeko lagunekin. “Bizkaiko Elkargoak badu abesbatza bat eta abeslariek bazuten gure koruaren berri, sare sozialetan ikusita. Beraz gurekin kontaktatu eta gure etxera etortzea aipatu ziguten, gurekin abestu eta kozinatzea roposatuz, eta guk, bistan da, baiezkoa eman genien berehala”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko erreferente Alberto Escobalek.

Abokatu bizkaitarrek mantala ipini eta 'txipiroiak tipularekin' prestatu zuten Limako Euskal Etxean, afarira bildutako lagun guztiak kantari jartzearekin batera

Izan ere, abestu ez ezik, afaria ere prestatu baitzuten bizkaitarrek. Anfitrioi eta bisitariek lanak banatu zituzten; etxekoek sarrerakoak prestatu zituzten eta Bizkaiko abokatuek plater nagusia: txipiroiak tipularekin. “Dena prest geneukan iritsi zirenean. Egiari zor, berehala moldatu ziren, etxean bezala jardun zuten, familia edo betiko lagunak izango bagina bezala, ederra izan zen. Guztiok jarri gintuzten kantari eta ederki pasatu genuen, gure errepertorioko kantuak abestuz eta elkarrekin topa eginez", esan digu Escobalek. Taldeari ongietorria emateko ardura Euskal Etxeko lehendakari Raul Noblecillak hartu zuen eta bere hitzetan ohoretzat aipatu zuen bisita. “Gurea zuen etxea da, euskaldun guztien etxea baita eta izango da beti” esan zien bisitariei, Euskal Etxeak argitaratu berri duen ‘La ruta vasca en Lima’ liburua oparituz.

Abokatu kantariak

Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsua 1.838an sortu zuten Bilbon. Abesbatza duela 30 urte jaio zen elkartearen barruan, lehenengoa izanik Espainiako Estatuan abokatuek soilik osatua. Urte hauetan guztietan Espainiako autonomia erkidego orotan aritu izan dira kantari, baita ere besteak beste Paris, Brusela, Dublin, Lisboa, Buenos Aires, Caracas, New York-en… Eta oraingo honetan baita Liman ere, bertako Abokatuen Elkartean zein Euskal Etxean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia