euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bizitza osoa Rosarion, Ignacio Unzueta abadiñoarra sorterrira dator 80 urteak ospatzera Zazpirak Bat-eko koadrila lagun

2016/06/15

Unzuetari Rosarion egindako agur bazkarian:ezker-eskuin, Ignacio Unzueta bera, Juan Carlos Lasalle, Enrique Otaño, Julio Zubillaga, Luis María Barrandeguy eta Guillermo Sías
Unzuetari Rosarion egindako agur bazkarian:ezker-eskuin, Ignacio Unzueta bera, Juan Carlos Lasalle, Enrique Otaño, Julio Zubillaga, Luis María Barrandeguy eta Guillermo Sías

PUBLIZITATEA

16 urterekin joan zen Argentinara eta 80 urte betetzen ditu aste honetan. Data biribila ospatzeko, lagunentzako bazkari bat antolatu du jaioterrian, Abadiñoko Mendiolan. Bere asmo hori jakin bezain laster, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeko 'Miercolinos' lagunarteko bere lagunek Euskal Herrira bidaiatu eta eguna lagunarekin ospatzea erabaki zuten. Bazkaria datorren igandean da eta, urtebetetzea ospatuta, turismo apur bat egingo dute euskal-rosariotarrek Euskal Herrian zehar.

Rosario, Argentina / Abadiño, Euskal Herria. 16 urterekin utzi zuen jaioterria Ignacio Unzueta Ortuzarrek eta Argentinara etorri etorkizun hobe baten bila. Eta topatu egin zuen, zalantzarik gabe, gogo biziz eta atsedenik gabe lan eginez.

Unzuetak berak kontatzen duenez, 1936. urtean jaio zen, "Mendiolan, Abadiñon", Ibargoiti baserrian. "Leon Unzueta eta Donata Ortuzar gure gurasoek bi seme izan zituzten. Nik beti izan nuen herria utzi eta beste leku batera bizitzera joateko asmoa… eta nire anaiari soldadutzara joatea tokatu zitzaionean, amari ere ondo iruditu zitzaion: Argentinan osaba-izebak genituen bere aldetik, Rosarion eta Rosariotik hurbil, eta zuzenean etorri ginen hona. 16 urterekin iritsi eta esne banatzaile hasi nintzen lanean. Sei hilabetez aritu nintzen Patxi Arrieta izeneko euskaldun batekin eta sei hilabete horiek pasa eta gero negozioa erostea eskaini zidan. Nik ez neukan hainbeste diru baina Arrietak hiru urteko epea eman zidan ordaintzeko. Nik onartu, eta sei hilabetetan kitatu nuen zorra. Goizeko 4etan jaikitzen nintzen, esnearen bila joan eta egun osoa ematen nuen lanean”, gogoratzen du Unzuetak.

Antzeko pasarte anitz ditu kontatzeko Rosarioko bizkaitar honek. 20 urteak bete arte aritu zen esne banatze alorrean. Adin horretan, bere lehenengo ostatua erosi baitzuen eta hortik aurrera ostalaritza izan zengo zuen lanbide.

“20 urte bete nituenean, taberna eta tabernaren ondoko lokala erosi nituen ostatua jartzeko. Gero beste leku bat alokatu nuen eta 55 pertsonarentzako ostatua jarri nuen. Ondotik, beste leku batzuk erosi eta saldu nituen, orain Euskadi Hotela dagoen lekua erosi arte. Hasieran 104 pertsonarentzako ostatua zen. Otordu guztiak ematen genituen. Garai hartan jende ugari biltzen zen Rosariora lanera eta egoteko lekua behar zuten. Beraz, momentu jakin batean eraikin hura bota eta gaur egungo Euskadi Hotela eraikitzea erabaki nuen. Honelaxe hasi zen hotela”.

Ignacio Elba Rosa Osa Aldekoarekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten: Maite, Begoña eta Jose Ignacio. “Nik esker oneko hitzak baino ez ditut Argentinarekiko. Nahi nuen bizitza egin izan dut, nahi adina bidaia eginez. Orain, ondorengoen momentua da; eurak jarraitu behar dute guk utzi diegunarekin” (hitz hauek eta Luis Maria Barrandeguy-k Ignacio Unzuetari 'Palabra de Vasco' irratsaiorako egindako elkarrizketa osoa hemen entzun daitezke gaztelaniaz).

80 urte

Ia bizitza osoa Rosarion eman duen euskal-argentinar honek 80 urte beteko ditu ostegun honetan, ekainaren 16an, eta 19an, igandean, ospatuko dute Mendiolan. Bertan bilduko ditu Euskal Herriko senide eta lagunak; baina Argentinako lagunek ere ez zuten ospakizunetik kanpo geratu nahi izan eta bihar euskalerriratuko dira, igandean Ignaciorekin topa egin ahal izateko.

Luis Maria Barrandeguyk EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “asteazkenero elkartzen gara Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxean ‘Miercolinos’ izeneko sukaldaritza elkarteko lagunok eta Ignacio kide nagusietako bat da. Bere urtebetetzea Euskal Herrian pasatuko zuela jakin genuenean berehala hasi ginen pentsatzen bertaratzeko aukerarekin eta bai, lortu dugu. Claudio Esnal, Juan Carlos Lasalle, Jorge Loinaz, Julian Otamendi, Enrique Otaño, Luis Otaño, Julio Zubillaga eta ni joango gara. Ekainaren 16an abiatuko gara eta urtebetetzea ospatu eta gero Zarautz, Algorta eta Donostia ere bisitatuko ditugu. Esperientzia polita izango da, irrikitan gaude”.

Ignacio Unzueta lehenagotik sorterriratu eta prest izango du dena Abadiñon bere koadrila iristen denerako. Oso argi uzten du berak, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak bere bizitzan izan duen eta izaten segitzen duen garrantzia: “17 urterekin hasi nintzen joaten euskal Etxera, bizpahiru aldiz astean. Jende ugari ezagutu dut bertan, beti lanerako prest. Orain gainera, bereziki pozik nago euskal etxearekin. Lehen baino askoz irekiagoa da. Eta nire mezua etxeko gazteentzat da: lanean jarrai dezatela, euren momentua dela. Batzuetan zaila izan daiteke, baina beti merezi du”.



Komentarioak

  • Aupa Inazio-eta

    Zorionak, Inazio, urte askoan eta oso ondo ospatu bihar!

    Joseba, 2016/06/18 11:05

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia