euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Bizi Emankorra' saria eman die NABOk eta euskal komunitateak bere bost kideri, alegia, eskerrik asko handi bat (II)

2024/05/29

Naboko lehendakari Jean Flñesher NABO 2024 Bizi Emankorra aurkezten
Naboko lehendakari Jean Flñesher NABO 2024 Bizi Emankorra aurkezten

PUBLIZITATEA

Bakersfield, Kalifornia, AEB. Bakersfieldeko 2024ko NABO Biltzar Nagusiak eta bertako 50. Euskal Bestak joan den asteburu honetan eman duenaren errepasoa egiterakoan, marka berezi batekin nabarmentzekoa da 2024ko 'Bizi Emankorra' saria Bakersfield bertako bost pertsonari eman izana, seigarren saria, Mayi Berterretche Petracek-i emana, irailaren 21ean Coloradon egingo duten ekitaldi batean eskuratuko baitiote, han bizi baita Mayi, sortzez kaliforniarra izan arren.

Bizi Emankorra saria bere bizitza osoan AEBko euskal kultura eta euskaldunen aldeko lanean ekarpen handia egin duten pertsonei ematen die NABOk, eta halaxe ziren joan den ostiralean California State University Bakersfield-eko (CSUB) Doré Antzokiko agertokian zirenak: Steve Bass, Lourdes Iturriria, Jenny Poncetta, Marianne Laxague eta Joxe Recondo. Guztiek eskuz-esku jaso zuten, Steve Bassen kasuan ezik, jakina denez euskaltzale, historialari eta ikertzaile kaliforniarra duela bi urte hil baitzen, minbiziz, eta saria bere emaztearen lehengusu Larry Erreak jaso zuen haren izenean.

Ongi merezitako aitortza publikoa

Ekitaldia, CSUBeko Euskal Ikasketen Institutuko zuzendari Steven Gamboak hasi zuen ongi etorri hitzak emanez bertaratutakoei eta saioaren zentzua azalduz. Ondotik Jean Flesher NABOko lehendakariak hartu zuen hitza, zeremoniaren gidari izateko. Flesher ibilbide luze eta trinkoduna denez AEBko euskal komunitateetan, zuzenean eta pertsonalki ezagutzen zituen aspaldidanik saritutako bostak, eta komentario eta pasadizo ugari kontatu zituen bakoitzaren aurkezpen eta sarrerak egiterakoan.


CSUB unibertsoitateko Euskal Ikasketa Institutuko zuzendari Steven Gamboa lehenengo hitzetan


Jean Fleher NABOko lehendakariak gidatu zuen Bizi Emankorra 2024en ekitaldi hunkikarria


Bere lehengusu Steve Bassen (+) izenean jaso zuen Larry Erreak hari zegokion saria


Besarka handiak Lourdes (Agirre) Iturriria bertan errotutako azkoitiarrari saria ematerakoan


Ez ditugu besarkada guztiak jaso, baina guztietan eman ziren, familiako ekitaldia izan baitzen


Besarkada sentituak, lagunari diozun miresmenaren fruitu, Wool Growers-eko Jenny Poncettaren kasuan bezala


Gehienak saria jaso eta ez ziren mintzatu, bai Jenny Poncetta, bere aurrekoei heien lana eskertuz


Joxe Recondo mugairitarra saria eskuetan, gainerakoak bezala besarkada estuan Jean Flesher NABO lehendakariarekin


Bideo honetan, azkeneko eskerrak bostei eta antzokira bildutako jendeen txalo zaparrada beroa


Galari luxuzko amaiera ipintzeko, Esti Markez, EHtik gonbidatu etorritako artistaren emanaldia

Horrekin batera, saritutako bakoitzean, erreferentziazko aurkezpena bere inguruko norbaitek egin zuen, hurbileko edo familiako; eta eskerrak emateko eta errekonozitzeko honelako ekitaldi batean, ez da harritzekoa emozioz betea gertatu izana, 'gogorrenen' kasuan ere. Bizi Emankorra NABOk daukan sari berezia da, baina baita bakarra ere komunitate euskal-iparramerikarraren zerbitzuan, apaltasun eta etengabeko lan burrunbagabean ibili izan direnak omentzeko, eta sekula omenaldirik espero izan ez duten jendeentzat, ez da harritzekoa hunkigarria gertatu izana.

Hona saritutakoen merezimenduak labur aipatuta, Steve Bass ez zen berez euskalduna, euskaldun batekin, Judy Errea, ezkondua, baina bere lana, euskal historia eta ondarea ezagutu eta gordetzearren, handia izan zen, Memoria Bizia' proiektuan, bertako euskaldunen historia ikertuz eta, esaterako, 'Basques of Kern County' (2013) liburuaren egile gisa, George Ansolabehere-rekin batera. Lourdes (Agirre) Iturririaren kasuan, behar da esan gipuzkoar gutxik emigratu zuen komunitate batean, azkoitiar honek bere sukaldari dohainen bidez zerbitzatu izan dituela bertako euskaldunak, baina baita 20 urte baino gehiago Euskal Etxeko zuzendaritza batzordekide izanez, dantzarien soineko eta arropak josten, eta bere trebetasunak euskal beharren zerbitzuan ipintzen.

Marianne Laxaguek, Bakersfieldeko okintzan erreferentzia nagusi den, Pyrenees okindegitik lagundu izan ditu bertako euskaldunak, urte luzeetan hamaika dohaintza eginez Euskal Etxeko ekitaldientzat, Udalekurentzat, pilotari elkarretaratzeentzat, eta ez soilik Bakersfielden, Kaliforniako beste euskal komunitate batzuetan ere, komunitateko kide aktiboa izateaz gain, diru ekarpenak ere eginez, eta Euskal Etxean zenbait ardura bereganatuz.

Jenny (Maitia) Poncetta, oraintsu arte Bakersfieldeko Wool Growers euskal jatetxea kudeatu izan duen, eta sortu zuen familiako kide da, eta gobernatu izan du, euskaltzale eta atxikimenduz, Frantxua Camouri aurten bertan pasatu arte. Bere jatetxeak gogotsu errezibitu izan dtu Bakersfieldera hurbildu diren bertako eta kanpoko euskal eta ez-euskal bisitari guztiak, paregabeko lankide izanik Euskal Etxearekin, eta klub barnean ere ardurak hartuta.

Joxe Recondok, azkenik, bereziki pilotari lotuta ekarpena egin dio komunitateari, pilotariak ekartzerakoan Euskal Herritik, hamaika lan bere gain hartuz antolatzaile gisa, koordinatzaile Euskal Herrikoekin eta AEBko gainerako euskal etxe eta pilota arduradunekin, eta zubi lan ederra eginez, baita ere Kern County Basqueko zuzendaritza eta batzordeetan, beti gogotsu eta eskuzabal.

Zorionak bostei, eta euren eskuzabaltasunaren fruituak jaso dituzten guztiei!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia