Madrilgo Euskal Etxeak Jai Alai izeneko jatetxean egin zuen San Sebastian bezperako afaria eta, bai, jaia itzela izan zen! (argazkia Madril EE)
Donostia eta Azpeitiko bandera igoerari aurrea hartuta, Parisen eta New Yorken hasi ziren aurtengo danborradaren hotsak asteburuan eta astelehenean Madril, Bartzelona, Lima eta Arrecifeseko euskaldunek ere bat egin zuten festarekin. Jarraian, egunotako festa eta ekitaldien argazki sorta bildu dugu. Baina festa ez da hemen amaituko, inondik ere! Adi datozen hitzorduetara!
Donostia-San Sebastian. Danborrada egun ondoko ajeak oraindik kendu ezinik, Diasporan barrena izan diren San Sebastian eguneko jaien argazki kronika laburra prestatu dugu. Parisen eta New Yorken hasi zen jaia etenik gabe zabaltzen ari da euskal etxeetara, eta Madril, Bartzelona, Arrecifes eta Liman ere jai giro itzela izan zen. Necochean atzo hasi zen San Sebastian Astea, datorren asteburua arte luzatuko dena, eta ondotik etorriko dira Mexiko, Murtzia, Caracas, Valladolid, Shanghai (datorren larunbatean). Momentuz, hona Paris, New York eta Arrecifeseko festen berri.