euskal diaspora eta kultura
2013/06/25
PUBLIZITATEA
Bilbao, Bizkaia. Euskal Herria Mugaz Gaindi euskal emigrazio eta Diasporari buruzko mintegiaren bederatzigarren edizioa Bilboko Deustuko Unibertsitatean egin zen iragan ekainaren 18 eta 19an, eta antolatzaileen esanetan, topaketa "arrakastatsua" izan zen. Mintegia Euskal Herritik kanpoko euskal historia eta kulturari buruzko ikasketen topagune bilakatu da.
Horretarako, ezinbestekoa izan da "erakundeen sostengua", antolatzaileen aburuz. Horien artean dira "Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza, UPV-EHU, Deustuko Unibertsitatea, Eusko Ikaskuntza, EuskalKultura.com eta beste zenbait", Pedro Oiarzabal (Deusto) historialari eta antolakuntza kideak azaldu duenez. "Erakundeen arteko elkarlana eta itzuli diren emigranteen partehartzea funtsezkoak dira".
Hain zuzen ere, itzuleraren fenomenoa izan zuen hizpide bederatzigarren edizioak eta Oiarzabalen aburuz "mahai gainean jarri du gure gertuko iragana ikertzen jarraitzeko beharra eta emigratu edo erbesteratu zirenen lekukotzak jasotzeko beharra". Ikerlariaren ustez, "gure iragana eta oraina ulertzeko ezinbestekoa da emigratu eta erbesteratu zirenen historia jasotzea".
Mintegiaren bertsio birtuala uztailaren 2a arte egingo da EuskoSare webgunean, hemen.
Etorkizunari begira
Iragan ikertu arren, mintegiak etorkizunera begira darrai eta bide honetan sakontzen jarraitzeko asmo sendoa agertu dute antolatzaileek. Horren seinale da EHMG-ren hamargarren edizioa aurten bertan ospatuko dela, New Yorkeko euskal etxearen Mendeurreneko ekitaldien baitan. Euzko Etxea AEBetan sortu zen aurreneko euskal elkartea izan zen eta euskal emigrante askorentzat herrialde honetara sarbidea izan zen.
Mintegiaren gai nagusia euskaldunek hiri honetan izan duten presentzia eta historia izango dira. Topaketak New Yorkeko Unibertsitate entzutetsuenetako baten sostengua izango du: Columbia University. Bertan egingo da lehen saioa, urriaren 10ean, eta Euzko Etxearen egoitzan bigarrena, biharamunean.
Mintegian parte hartuko duten historialari eta ikertzaileen artean honakoak izango dira: William Douglass (Center for Basque Studies, Reno-Nevada University), Oscar Álvarez Gila (UPV/EHU) eta Pedro J. Oiarzabal (Deustuko Unibertsitatea). Mintegiaren babesleen artean dira Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza, Columbia Unibertsitatea, UPV-EHU eta Deustuko Unibertsitatea.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus