euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bizar Zuri, Santa Claus, Olentzero… Gabonetarako opari zerrenda egina duzu? Hona Diasporako proposamen batzuk

2022/12/13

Euskal argentinar diasporako lagunek Gabonetarako eskainitako produktu batzuren irudiak
Euskal argentinar diasporako lagunek Gabonetarako eskainitako produktu batzuren irudiak

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina . Egunak baino ez dira falta Gabon gauerako. Baina oraindik garaiz zabiltza opari originalak egiteko senide, lagun edo lankide horri, edo euskal jatorria duen bizilagun hori ahoa bete hortz uzteko. Euskalduna izan ala ez, seguru bestelako opariak, originalak edo eskuz egindakoak atsegin handiz jasotzen dituen jendea direla zure lagunak. Ez zazu guztiek erregalatzen dutena erregalatu, adierazi estimua opari hautatuak erregalatzen... esaterako, diasporako euskaldunek egindako produktuak.

Hona proposamen batzuk,  Argentinako diasporako zenbait ekintzaileren eta euren produktuen zerrenda:

- Aitunea, euskal kultura koloretan. María Viriginia Laorden disenatzaile grafikoa da, eta euskal motiboetan oinarritutako diseinu produktuak eskaintzen ditu. Kamisetak, katiluak, pegatinak, txapak, giltzariak eta euskal motiboak dituzten beste objektu batzuk. Jai hauetarako 15 produktu dituen bilduma berezi bat aurkezten du (katiluak, kalkoak, giltzariak, pin-ak eta aukeran dauden diseinuak dituen txapazko kartela). Postaz helarazten ditu Argentina osora. Virginiarekin harremanetan jartzeko, Instagram-en: aitunea, edo WhatsAppez 2226-458060.

- Amalur, euskal zeramika herrikoia. Euskal Herriko buztingintza eta zeramika ekoizpen herrikoia berreskuratzeko eta zabaltzeko proiektua da Amalur. Mariana Demicheli Uribeondo buztingilearen Amalur izenpeko objektuak La Platako Euzko Etxean eros daitezke. Baita ere, zuzenean, bere Facebook kontuaren bidez: Cerámica popular vasca, edo WhatsAppez 0221 15 6113037 zenbakira idatzita.

- Amurrio, gozogintza eta txokolategintza artesaua. Jai hauek aukera paregabea dira euskara irakasle eta denbora berean gozogile den Cecilia Canz Aranoak egiten dituen gutiziak dastatzeko. Postreak, pastelak, bonboiak, hainbat gozoki mota eta, jakina, ogi gozoa. Oparitzeko, edo Gabonetako mahaian partekatzeko, ez dira batere galtzeko modukoak! CABA edo inguruan bizi bazara, kontakta itzazu Instagram bidez: amurrio.gozotegia

- Lauburu Edizioak. Liburu bat beti da aukera ona, eta Lauburu euskal-argentinar argitaletxeak euskal gaiei buruzko argitalpenen katalogo interesgarria du, eta hemen kontsulta dezakezu. Erosteko, Instagram bidez: edicioneslauburu, Facebook-en: Ediciones Lauburu, edo posta elektronikoz, edlauburu@gmail.com helbidera jo dezakezu. Liburuak Posta Argentinarra medio helarazten dizkizute Argentina osora. CABAn jasotzeko puntu ugari dituzte: Mandragora (Villa Crespo), La Libre (San Telmo) edo Sudestada (Tribunales) liburu-dendak. Argitalpenetako batzuk Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegian eros daitezke (B. de Irigoyen 826), baita ere La Comuna edo Aupa libros liburu-denda birtualetan.

- Eguzki, eskuz margotutako portzelanak. Euskal zigilua duten arte lan haueak Buenos Airesko Pergamino herrian egindakoak dira. Artistari buruz, Ethel Arreguiren lanari buruz gehiago jakin nahi baduzu, edo objekturen bat erosteko, jarri harremanetan WhatsApp bidez 2477 – 347800 zenbakian.

- Zirimiri, euskal nortasuna duen zeramika artisaua [sagardo eta gozokiekin]. Euskal motibodun apaingarri eta tresnez gain, Txitxo Abasolok proposamen bereziak eskaintzen ditu jai hauetarako. Sagardo edalontziak eta zeramikazko ontziak Txapela euskal sagardo naturalarekin eta Patriako gozokiekin batera eskaintzen ditu. Instagramen, zirimirizeramika izenpean, lanen katalogoa eta Gabonetarako proposamenak aurkituko dituzue. Hilaren 19ra arte egin daitezke eskaerak eta Zirimiriko Tailerrean, Buenos Airesko Abasto auzoan, jaso ahal izango dituzu.

[Proposatu Diasporako opari gehiago hona idatziz: info@euskalkultura.eus]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia