euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bixente Ibarguren bergararra, Euzko Etxeko lehendakari ohi eta euskaltzale fina, La Platan hil da 81 urterekin

2008/03/08

Bixente Ibarguren eta Marutxa Zarranz emaztea, La Platako 'Euzko Etxea' Euskal Etxeko Txoko Alaien
Bixente Ibarguren eta Marutxa Zarranz emaztea, La Platako 'Euzko Etxea' Euskal Etxeko Txoko Alaien

PUBLIZITATEA

La Platako Euzko Etxeak kide maitatua galdu du joan den astelehenean, Bixente Ibarguren Unanue gipuzkoarraren heriotzarekin. 1926an jaio zen Ibarguran Bergaran eta 1952an heldu zen Argentinara. La Plata hartu zuen bizileku eta 50 urtetan lan eskerga egin du Euzko Etxean, elkarteko lehendakari izatera ere heldu zelarik. Bere engaiamendua eredu bihurtu da elkarteko gazte zein nagusientzat. 'Euskal Etxea eta Euskal Herria maitatzen erakutsi zigun', gogoratzen dute bere lagunek.
Hil zen egunean bertan EuskalKultura.com-ek aurrera zuenez (ikus hemen), La Platako Euzko Etxeak bere bazkide ezagunenetako eta maitatuenetako bat galdu zuen joan den astelehenean. Bixente Ibarguren bergararra 81 urterekin hil da, 50 urtetan Buenos Aires probintziako hiriburuko Euzko Etxearen eta oro har euskal komunitatearen aldeko lan eskerga egin eta gero. EuskalKultura.com-ek itaundu dituen iturri guztiak bat etorri dira esaterakoan 'La Platako euskal elkartean Bixentek utzi duen aztarna sakona eta bere eredua gogoan izango dituzte(la) urte luzeetan bertako kide gazte zein nagusiek'.

Joan den astelehenean bere hiletako dolu edo progua Euzko Etxearen atari aurrean gelditu zen minutu batzuk eta han azken agurra eskaini zioten betiko lagunek. Gazteek euskal jantziak jantzi zituzten eta ikurriña eta argentinar bandera erakutsi zituzten bere omenez. Erakundeko zuzendaritzak mintzaldi labur bat eskaini zuen eta bukatzeko bertaratu zirenek 'Agur Jaunak' hunkigarria abestu zuten.

Maitasuna euskal etxean

Bixente Ibarguren 1952an heldu zen La Platara eta harrez gero bertako euskal etxeko kidea izen zen, bere lanarekin eta euskal kulturaren zuzeneko ezagupenekin ekarpen handia eginez. Errementari lan egin zuen eta bere lantegi propioa sortu zuen. Duela 40 urte ezagutu zuen bere emaztea, María 'Marutxa' Zarranz, euskal jatorrizkoa bera ere, Euzko Etxean bertan. Euskal egoitza euren bizitzako gune nagusienetako bat izan da eta elkarren arteko amodioa euskal kultura eta nortasunarekikoak zipriztindu izan du beti.

Bixente euskal etxeko zuzendaritza batzordekide izana da 30 urtez eta birritan lehendakari, 80. eta 90. hamarkadetan. Euskal elkarteak Ohorezko Alkate izendatu zuen eta gazte talde baten ekimena medio egoitzako areto nagusiak bere izena darama. La Platako udaletxeak 'immigrante kuttun' izendatu zuen 2004an.

Kultura aberatsekoa

Bere lagunek azaltzen dutenez Ibarguren beti zorko eta esker oneko agertu zen Argentinak bizian aurrera egiteko eman zion aukerarekin, eta aldi berean ez zituen sekula bere sorlekua eta Herria ahantzi, ezta familiaren baserria ere, Zaldumendi. 'Erabateko pertsona ona zen, hezkuntza formalik gabea baina kultura aberatsekoa, buru argiaren jabea. Bere istorioa immigrante askorena izan zen: gogor lan eginez familia sortu eta ingurukoen errespetua irabazi zuen', gogoratu zuen Euzko Etxea-ko lehendakari Javier Clúak.

Bere beste ezaugarrietako bat gazteekin konektatzeko zeukan erraztasuna zen. Euskal Etxeko lagunen esanetan, etsenpluarekin erakutsi zien Euskal Etxea eta Euskal Herria maitatzen eta defendatzen. 'Umeek maite zuten, baina baita 90 urteko pertsonek ere. Mundiala zen. Bere grina, Euskal Etxea eta euskaldunen arteko elkartasuna izan ziren beti. Kulturari errespetu handia zion eta posible zuen guztietan euskaraz egiten zuen', azaltzen du horretan eta bestela ere lagun zeukan Iñaki Aramayo kazetari laplatatarrak. Bere oroitzapena eta eredua ezagutu zuten guztien bihotzetan gelditzen da bizirik. Doluminak bere emazte Marutxa eta familiari, eta oro har euskal komunitate osoari. Gogoan zaramagu, Bixente.


Lotura interesgarriak

Bere heriotzaren berri Bergarako komunikabideetan
http://goiena.net/bergara

Euzko Etxea, La Plata, Argentina
www.centrovasco.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia