euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bixente Arozena, Udalbide-Udalbiltza erakundeko kide legez Chascomuseko Udaletxe eta EEan errezibitua

2009/05/12

Emilio Armendariz gaztea ohorezko aurreskua dantzatzen Udalbideko ordezkariari
Emilio Armendariz gaztea ohorezko aurreskua dantzatzen Udalbideko ordezkariari

PUBLIZITATEA

Joan den larunbatean iritsi zen Chascomus herrira, Buenos Aires probintzia argentinarrean, Bixente Arozena Udalbide/Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko kidea, erakunde horretako kide gisa Argentina eta Uruguaira Ramuntxo Camblong-ekin batera egin duen itzuliaren barnean. Autobusez heldu zen, Mar del Platatik. Camblong-ek, berriz, bidaia segitu zuen Buenos Aireseraino, hitza emana baitzien hiriburuko Iparraldeko Euskal Etxeko kideei bertako Herri Urratseko ekitaldian parte hartzeko. Arozena, Chascomuseko Udaletxean errezibitu zuten Liliana Denot alkateak eta beste zenbait goi ordezkarik; eta Chascomuseko Euskal Etxean, aurreskua dantzatu zioten.

Chascomús, Argentina. Ohar baten bidez jakinarazi du Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeak Bixente Arozenak joan den larunbatean, maiatzaren 9an, eginiko bisitaren berri. Udalbide-Udalbiltza erakundeetako ordezkari gisa etorri da Arantzako (Nafarroa) zinegotzi eta alkate ohi den Arozena, Argentinara eta Uruguaiko Montevideora Ramuntxo Camblong-ekin batera egin duen itzuliko hondarreko egunean. Autobusez iritsi da Mar del Platatik eta, aldiz, bere bidaiakide Camblong-ek Buenos Aireseraino segitu du bidea, hitza emana baitzuen larunbat gauean hiriburuko Iparraldeko Euskal Etxean gauzatu zen Herri Urratsen ekitaldian  izango zela, bertako antolatzaileen gonbidapena onarturik (ikus artikulu honekin batera Buebos Airesko Herri Urratsi buruz argita aemaniko artikulua).

Chascomus-en, Liliana Denot alkateak berak errezibitu zuen Bixente Arozena Udaletxean, beste zenbait buruzagirekin batera, hala nola Chascomuseko Kontseilu Deliberanteko presidente Adolfo Aldaberekin eta herriko zinegotzi izaterakin batera Euskal Etxeko kide diren Elias Garriz eta Yamila Urriolabeytía zinegotziekin. Udaletxean bilkuratxo bat egin, hitz batzuk egin eta opariak elkarri trukatu ondoren, herriko Pilota Kluba bisitatu zuten eta baita Gernikako Arbolaren kimua ere, Independentzia Plazan landatua. Eguna Euskal Etxean amaitu zuten, elkartasun afari batekin. Arozena aurresku batekin ohoratu zuten EEra sartu berritan, Emilio Armendariz dantzari.

Udalbide Chascomuseko alkatearekin

[Bixente Arozena, Chascomuseko alkate andereak eta bertakoek Udaletxean errezibitua]

Udalbide Chascomuseko alkatearekin 02

[Bileraren ostean, talde argazkia]

Udalbide Chascomuseko Euskal Etxean

[Arozena, Euskal Etxearen egoitzan, hitz batzuk zuzentzen bertaratutako gazte eta bazkideei]

Euskal Etxekoek eskerrak eman zizkioten Udalbideri Arozena medio, bisitagatik eta aurretik ere erakunde nazional horrek Zingirako Euskaldunak-eko gazteei egindako txapel, gerriko eta alpargata dohaintzagatik. Bertako eta kanpoko bi euskal erakundeok elkarren berri eta gerorako asmoen berri eman zioten batak besteari, euskal etxe chascomustarrak zabaldutako oharrak azaldu duenez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia