euskal diaspora eta kultura
2011/03/29
PUBLIZITATEA
Birmingham, Ingalaterra. Professor R.L. Trask Lecture izenburuarekin abiatuko da bihar ohorezko euskaltzain estatubatuarraren omenez Birmingham-eko Unibertsitatean antolatutako jardunaldia. 2004ean hil zen Trask, martxoaren 30ean hain zuzen ere, 59 urte zituela, eta jardunaldiak urtero bere heriotzaren urteurrenarekin batera antolatzea da unibertsitatearen asmoa. Harreman estua du unibertsitate honek euskal munduarekin: batetik, Euskara eta Euskal Kultura ikastaroa eskaintzen hasi da aurten (Xabi Paya bertsolari eta itzultzailea da irakasle); eta bestetik, bertan gordetzen da Ingalaterrako euskarazko lan-bilduma handiena: Larry Trask-en ondarea, bere alargunak bertara ekarria.
Robert Lawrence Trask-en lanak oinarrizko erreferentzia dira euskal hizkuntzalaritzan. Trask Hizkuntzalaritza katedraduna izan zen Sussexeko Unibertsitatean, baita ohorezko euskaltzaina ere, Euskaltzaindiak hala izendaturik 2002ko azaroan. Bere lanen artean aipagarriak dira Towards a History of the Basque Language (1995) eta The History of Basque (1996) lan akademikoak; eta baita ere A Dictionary of Grammatical Terms in Linguistics (1993); Language Change (1994); Language: The Basics (1995); eta A Dictionary of Phonetics and Phonology (1996) lanak. Hil zenean, euskal hiztegi etimologiko baten proiektuan ari zen lanean. Utzi zituen ohar eta materialekin interneteko hilondoko argitalpen bat egin zuen 2008an Max W. Wheeler-ek. Hemen kontsulta daiteke.
Trikua eta Euskal Literatura
Jardunaldi honen lehen edizioko hizlariak Mari Jose Olaziregi eta Amaia Gabantxo euskal literatura adituak izango dira. Olaziregik ekingo dio jardunari, Waking the Hedgehog, Waking the Nation: By Way of Introduction to Basque Literature hitzaldiarekin. Euskal literaturaren historiaren ikuspegi orokor bat emango du, eta egungo egoera literarioaren diagnostikoa egiten saiatuko da. Bernardo Atxaga idazlearen hitzak erabiliko ditu horretarako: Atxagak euskal literatura lozorroan luzaroegi egon den triku batekin konparatzen du; zorionez, animaliak esnatzea lortu du XX. mendean.
Ondoren, Amaia Gabantxok trikuaren metaforari eutsiko dio, Hedgehogs, Seagulls, Roses, Elephants and the Moon: hand in hand with some contemporary Basque poems hitzaldia eskainiz. Gabantxok euskal literaturaren ahots poetiko garaikide onenak ekarriko ditu hitzaldira, euren lanen irakurketaren bitartez.
Argitaratu gabeko eskuizkribua
Birmingham-eko Unibertsitateak Erresuma Batuko euskarazko lan-bilduma handien du 2009az geroztik. Urte horretan Larry Trasken alargunak euskaltzainaren ondarea dohaintzan eman zion Unibertsitateari. Bilduman ehun bat liburu gordetzen dira eta horien artean euskal fonologiari buruzko eskuizkribu bat dago, dirudienez argitaratu gabea. Unibertsitatea Trask fondoaren katalogazio lana egiten ari da gaur egun, eta horrekin bukatu ondoren eskuizkribuen transkribapenari egingo dio.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus