euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bira Estatu Batu eta Kanadan barrena hasiko dute datorren larunbatean Juan Mari Beltranek eta bere taldeak

2007/09/03

Juan Mari Beltran musikari eta ikerlaria
Juan Mari Beltran musikari eta ikerlaria

PUBLIZITATEA

Ikerlari, musikari, sustatzaile... Juan Mari Beltranek hamaika lan egin du euskal musikaren munduan eta urteetan txalaparta eta alboka bezalako tresnen aleak, doinuak etab. berreskuratzen berebiziko eragina izan du. Iaz kaleratu zuen azken lana, 'Orhiko xoria', eta datorren larunbatetik aitzina Estatu Batuetan eta Kanadan aurkeztuko du, Boise, Seattle eta Vancouver-eko euskal etxeek eta Boise State unibertsitateak gonbidatuta.
Estatu Batuak eta Kanadako euskal komunitateek Juan Mari Beltran zuzenean entzuteko aukera izango dute datozen asteetan, 'Orhiko xoria' (Elkar 2006) azken lana aurkeztuz. Album honek aurrekoaren izpirituarekin jarraitzen du ('Arditurri', Elkar 2002) eta hamabost kantuetan euskal musika tresna zaharrak erabiltzen ditu (txalaparta, txistua, xirula, ttunttuna, alboka...) eurekin abesti herrikoiak eta kanta propio eta garaikideak sortzeko.

Bira datorren larunbatean hasiko da Boisen (Idaho), bertako Euskal Etxean emango duten kontzertuarekin. Igandean Beltranek mintzaldia eskainiko du Boise State Universityn, urtetan ikertu eta berreskuratu dituen kantu eta musika tresna zaharrak hizpide. Irailaren 14ean Vancouverren (Kanada) izango dira Beltran eta bere taldekoak St. James Hall aretoan kontzertua eskaintzeko, British Columbiako Euskal Etxeak gonbidatuta. Azkenik, igandean AEBtara bueltatuko dira eta emanaldia eskainiko dute Seattle hiriko Lake Sammamish State Park delakoan, Seattle Basque Club elkartearen 10. urteurrena ospatzeko.

Interesa piztu Diasporan

'Egia esan diskoak interes dexente piztu du Diasporan, eta Argentinan, Uruguain eta AEBtako beste tokit batzuean ere jotzeko gonbitea jaso dugu, baina ezin denetara joan', agertu dio EuskalKultura.com-i musikariak. Bidaian Beltranek ohiko taldea izango du alboan: Ander Barrenetxea eta Aitor Beltran (txalaparta, panderoa, txaramela); Miriam Atxaerandio (bibolina), Aitor Gabilondo (ahotsa, panderoa, kitarra, danbolina) eta Jasone Kamara (soinu handia eta txikia).

[Goiko irudian Juan Mari Beltran eta AEB eta Kanadako biran berarekin joko duten musikariak]

Esperientzia zirraragarria

Euskal musikaria AEBtan aritzen den bigarren aldia izango da hau. Bere lehen biran San Francisco, Chino eta Bakersfielden eman zituen kontzertuak eta oroitzapen ezinhobeak ditu. 'Harrera oso ona egin ziguten eta musika eta instrumentuei buruzko galdera asko egin zituzten, interes handiz. Oso berezia izan zen euskaraz hain ondo komunikatu gintezkeela ikustea, batzuek adibidez euren gurasoek emigratzerakoan egiten zuten xiberera garbi-garbia egiten zuten', gogoratzen du Beltranek.

Maila pertsonalago batean ere izan zuen sorpresarik Beltranek, adibidez bere maixu Mauricio Elizalderen seme-alabak aurkitu zituenean. Musikari eta ikertzaile bezala Beltranek herrietako musikariekin ikasi zuen tresna zaharrak jotzen, iturritik, nolabait esateko. Horietako bat izan zen Elizalde, Arizkuneko txistulari ezaguna. 'Momentu gozo asko bizi izan ditut nik haren baserrian eta hara non Chinon bere seme Antonio eta San Franciscon María alaba topatu nituen. Mariak negar ere egin zuen gure musika entzun zuenean', gogoratzen du.

Ondare galdua, Diasporan gordea

'Harrigarria da euskal kultura Diasporan nola gorde duten ikustea, batzuetan Euskal Herrian galdu diren usadio eta ondareak mantenduz', azaltzen du musikariak. 'Esperientzia oso berezia izan nuen nik. Duela urte batzuk irratian, Euskaldunak Ameriketan saioan [Joseba Etxarrik, EuskalKultura.com-eko zuzendariak gidatua] kitarra berezi bat entzun nuen. XIX mendean euskal itsuek eskean jotzen zuten kitarra ematen zuen eta jotzeko moldea dultzainero zahar batena zen. 1925ean Benito Ysursak San Franciscon eginiko grabaketa bat zela jakin nuen gero'.

'AEBetako lehen biran John Ysursa ezagutu nuen, Benitoren biloba, eta harek kontatu zidan istorio osoa. 1925ean aitonaren familiak etxerako pareteko erloju handi bat erostea erabaki zuen, baina dendara joan zirenean bertan gramofono bat deskubritu eta diru guztiak grabazioak egiten xahutzea erabaki zuten. Horri esker lortu ahal izan nituen grabazio osoak eta Euskal Herrian galdua zen jotzeko era bat berreskuratu, non eta Estatu Batuetan!'.


Lotura interesgarriak

'Orhiko xoria' diskoko abestiak entzuteko
www.e-boza.com

JM Beltrani buruzko informazio gehiago
www.syntorama.com

Juan Mari Beltranekin elkarrizketa
www.euskonews.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia