euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Biografia batek argitara dakar Izzy Gaztañaga boxeolariaren bizitza; bere ondorengoen bila ari dira Argentinan

2011/05/06

Isidoro Gaztañaga 'El martillo de Ibarra' goitizenez zen ezaguna
Isidoro Gaztañaga 'El martillo de Ibarra' goitizenez zen ezaguna

PUBLIZITATEA

Juan Oses idazle nafarrak euskal boxeoaren izar ahaztu bat berreskuratu du "Isidoro Gaztañaga: El martillo de Ibarra. El boxeador que nunca existió" biografiarekin. Gaztañaga Paulino Uzcudun boxeolariaren garaikidea izan zen, eta Osesen esanetan frankismoaren hedabideek nahita isildu zuten Gaztañagaren istorioa, Uzcudun falangistari itzalik egin ez ziezaion. Bizizalea, andrazalea, bikaina baina ez nahikoa saiatua... izan omen zen Gaztañaga eta Argentinako La Quiaca herrian hil zen, senar jeloskor batek tirokatuta. Orain, Ibarrako senitartekoak Argentinan izan zituen ondorengoen bila ari dira.

Ibarra, Gipuzkoa. 'Ibarrako mailua', 'Izzy Gaztañaga' eta 'Izzy ederra' esaten zioten boxeo munduan Isidoro Gaztañagari (Ibarra 1906- La Quiaca 1944), gipuzkoarraren kolpeak zuen indarragatik eta ringean erakusten zuen dotoreziak liluratuta. Gaztañagaren ibilibideak, baina, gorabehera asko izan zituen, eta nahiz eta Primo Carnera bezalako txapeldunen aurka aritu, ez zuen goi mailako izar bihurtzerik izan. Are gehiago, urte askoan bere istorioa ahaztua egon da eta boxeo adituek baino ez zuten haren berri.

Hau guztia aldatzeko asmoz idatzi du Juan Oses nafarrak Gaztañagaren biografia, Ibarrako Udalaren babesarekin. Gaztañaga gonazalea eta gautxoria zela dio Osesek, eta horrek kirolak baino pisu handiagoa izan zuela bere bizitzan. Baina bere ezaugarrietako bat zera zen, inork ezin zuela asmatu borrokaldien emaitza: egun batean bigarren mailako aurkari batekin galdu eta hurrengoan txapeldun bati KOz irabazten zion.

Frankismoak isildua

"Gaztañagaren istorioaren berri izan nuenean, zur eta lur gelditu nintzen. Nola liteke inork gutxik jakitea bizitza hain erakargarria izan zuen gizon honi buruz!", galdetzen du Osesek. Frankismoak Gaztañagaren bidea oztopatu eta bere lorpenak isildu zituela argudiatzen du idazleak. "Gaztañaga Uzcudunen aurkakoa zen arlo guztietan: bizizalea, gonazalea, bikaina baina aldakorra... Uzcudun pipergabea baino askoz dibertigarriagoa, inondik inora!".

Politikoki ere Uzcudunen oso bestelakoa zen Gaztañaga eta nahiz eta berak politikari buruz hitz egin ez, Uzcudun falangistaren aurkako bezala aurkeztu zuten. "Gerra zibilean boxeo enpresari batek bien arteko borroka bat antolatu nahi izan zuen: Uzcudun galtza gorri-horiekin, eta Gaztañaga errepublikarren koloreekin. Uzkudunek ez zuen borroka onartu, nagusiagoa zelako eta galtzeko beldurra zuelako", dio Osesek.

Senar jeloskor batek tiroz hila

Ameriketara jauzi egin zuen Ibarrakoak eta urtetan Kuban, AEBetan eta Argentinan aritu zen. Buenos Airesen emaitza oso onak izan zituen, Palusso, Cecarelli eta Bianchi bezalako izarrei irabaziz. Osesek borrokaldi horien berri ematen du liburuan, eta baita ere Isidororen bizitza pertsonalaren berri. Bi aldiz ezkondu zen: behin espainiar batekin, extremadurarra bera, eta ondoren, Kuban, emakume argentinar batekin. Argentinako Jujuy probintzian dagoen La Quiaca hirian hil zen 37 urterekin, senar jeloskor batek akabatua.

Gaztañagaren Ibarrako familia, tartean bere arreba Izaskun (egun oso nagusia izan arren), bere ondorengoen bila ari da. Isidorok seme bat eta alaba bat izan zituen Argentinan. Zenbait euskal etxe argentinarrek bilaketan laguntzeko asmoa agertu dute jada, besteak beste Jujuyko euskal etxeak, Villa Mariako euskal etxeak eta FEVA erakundeak (Argentinako euskal etxeen federazioa).

Ondorengoei buruzko informazioa eman edo Gaztañagaren Ibarrako senideekin harremanetan jarri nahi izanez gero bidali e-maila hona.

-Isidoro Gaztañaga aipatzen duen artikulu bat, 'El Eco de Tandil' egunkaritik jasoa, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia