euskal diaspora eta kultura
2013/05/07
PUBLIZITATEA
Mikel Ezkerro, Buenos Aires. Euskadik jasan zuen erasoaren ondorioz Argentinara 1938 eta 1950 artean erbesteratu zen belaunaldi historikoko parte zen Bingen Azarloza, Argentinako euskal izaera eta geroan zinezko eragin erabakiorra izango zuen erbesteko belaunaldi gogoratu hartakoa.
Erbesteratua izanik euskaldun izatea --euskara maitatu eta landu zuen-- aurreneko ezaugarri zeukan, baita abertzale gogotsu izatea ere, Eusko Alderdi Jeltzaleko kide, eta kultur ekimen baliotsua garatu zuen arlo askotan Argentinan, bereziki 1940-1950ko hamarkadan, kopuruz zein kalitatez, horretan Bingenen ekarria gainditzea batere erraza ez delarik.
Bingen Azarloza Urkiza Bizkaiko Zornotzan jaio zen 1921ean, familia euskaldun batean, eta euskalduntasun hori bizitza osoan izan zuen bidelagun.
Hamabost urte zeuzkala lehertu zen gerla eta Francoren aliatu ziren Hitler eta Mussoliniren hegazkinak euskal lurraren gainetik ikusi zituen, ametrailatzen eta bonbardatzen. Nik neuk entzun izan nion behin baino gehiagotan elizdorre batean behatzaile gisa aritua zela, hegazkin faxisten etorrera abisatzen.
Gernikako genozidioaren ostean, Frantziako estatura iritsi zen eta bertan dantzari gisa aritu zen, aurreskulari bereziki, dantza hori gaitasun eta teknika handiz dantzatzen baitzuen.
Argentinara 1938an heldu zen eta berehala sartu zen Buenos Airesko Laurak Bat-en eta Eusko Ekintzako dantza taldean, Emakume Abertzale Batzak Iparraldean zeuden euskal errefuxiatuen alde antolatzen zituen ekintzetan parte harturik.
Aurkezle eta zeremonia-maisu bezala jardun zuen, eta inor gutxik gainditu ahal izan du bere lana alor honetan.
1940ean, erbesteratu eta dantzari zen beste batek, Eresoinka ballet famatuko kide zen Satur Salegik, dantza eskola batzuk eman zizkion Buenos Airesen gazte talde bati, aurretik Argentinan sekula dantzatu ez zen dantza zuberotarra irakatsiz. Salegirekin batera talde hartako kide ziren Bingen Azarloza, Nestor Basterretxea, Xabier Lopez Mendizabal eta Xabier Cunchillos.
1940-1950ko hamarkadan euskal etxe berriak hasi ziren sortzen Argentinan: Tandil, Mar del Plata, La Plata, Necochea, Villa Maria... mugimendua Lavallolgo Euskal Echea-ko ikasleengana ere iritsiko zen. Urte haietan Bingenen dantza ekimenak ez dira Buenos Airesera mugatzen, asteburuetan Necocheara doa bereziki eta beste leku batzuetara ere euskal etxe berri horietako lehenengo dantza taldeak sortu edo sendotzeko.
Luis Mujica donostiarrak Saski Naski sortzen duenean euskal arrantzaleen Katxarranka dantza boteretsuko lehenengo taularatzailea bilakatuko da Argentinan.
1948an Mar del Platan kokatzen da eta bere kultur ekimena Denak Bat-en itzela izango da. Dantza irakasle, abesbatzako partaide, sortzaile, zuzendari eta antzezlari antzerki talde batean...
Ezaugarri zeukan umore ona eta komunikaziorako berezko gaitasuna lagun, doainak zeuzkan horiek erabilita, Euskal Kulturaren hedatzaile handia bilakatuko da euskaldunen artean baina baita euskal-argentinar komunitatearen mugetatik haratago ere.
Doan leku guztietan zeremonia-maisu bikaina izango da eta antolatzen diren festa guztien animatzaile, Aberri Egunean, San Inazino, San Migelen...
Bera azaltzea nahikoa zen publikoaren onespena bereganatzeko. Harreman Publikoak batere estudiatu gabe, zinez poliki erabiltzen zituen euskal etxe kanpo eta barruan.
Neroni lekuko izan naiz 60.go hamarkadan gertatzen zenaz bera hiriburuko Laurak Bat-eko tarbernan sartzen zenean, baita geroago ere, poztasuna, umorea eta algara sortzen baitzituen.
Mar del Platara hitzaldiak ematera joan nintzen bietan, entzuleen artean egon zen, beti bezain atsegin, eta laguntza emanez euskal kulturaren aldeko ekitaldiei, are gehiago euskararekin zerikusia zutenak baziren. Nire iritzi pertsonal hau Denak Baten aritu izan diren solaskide argentinar eta euskaldunek ere onetsi dute.
Mari Carmen Kortarekin ezkondua, lau seme-alabaren aita zen: Maite, Maria Isabel, Jon eta Jose Martin, azken honek ekarri zidan bere heriotzaren berri latza.
Jakin badakit Bingen dagoen lekuan, bere humanismo sanoaz, maitasun kutsakorraz eta euskaltzaletasun sakonaz inguruko guztiak jarriko dituela dantzan.
OHARRA: Lerro hauetan ez diet ezer berririk esaten Bingen ezagutu zutenei. Nire hitzen helburua gehiago dira ezagutu ez zutenak, bereziki gazteak, euskalduntasunak Argentinan Bingen Azarloza Urkiza bezalako gehiago behar baititu. Berari oso ondo egokitzen zaio 1905ean Calos Pellegrinik esan zuena, desiatu baitzuen etorkizuneko gizarte argentinarrean euskal enborra ezagutua izan zedin, ez soilik abizenengatik, baizik eta bereziki Herri honen balioengatik.
Lagunari gero arte, gurekin oroitzapenak, gurekin zure umore ona, hori bai dela gizona, besarkada handienak. La Platan erein zenuen, gure Haritzaren hazia, eman zenuen bizia, hoi lekuko euskalduna, guri pasa zeniguna. Bihotzetik zuretzat, jende askoren izenean, gora zu eta zulako, maisu eta gidariak, adibide onenekin, markatu diguzue bidia. Bihotz bihotzez Bingen Azarlozari.
Patxi Laguna, 2013/05/12 00:59
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus