euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Biloben Legea”, araudi eta baldintza berriak erbesteratuen ondorengoek espainiar nazionalitatea eskura dezaten

2023/01/04

Memoria Demokratikoaren Legeak, “Biloben Legea” deiturikoak, erbesteratuen ondorengoei espainiar herritartasuna eskuratzea errazten dien araudi berria da
Memoria Demokratikoaren Legeak, “Biloben Legea” deiturikoak, erbesteratuen ondorengoei espainiar herritartasuna eskuratzea errazten dien araudi berria da

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Joan den urrian sartu zen indarrean Espainian Memoria Demokratikoaren Legea, eskuarki “Biloben Legea” bezala ezaguna. Lege honek bidea ematen die Gerra Zibiletik ihes egin zutenen eta frankismoaren garaian arrazoi politkoengatik erbesteratu zirenen seme-alabei eta bilobei espainiar hiritartasuna eskatzeko. Era berean, aitona edo amona, ama edo aita, arrazoi ideologikoengatik, arraza edo generokoengatik Espainiatik atera zela frogatzen duten pertsonek ere eskuratu ahal izango dute.

Araudi berriak eragin berezia izango du Latinoamerikan, Gerra Zibilaren ondoren erbesteratutako milaka euskaldunen helmuga izan baitzen. Legeak erbesteratutzat jotzen ditu 1936ko uztailaren 18tik 1955eko abenduaren 31ra herrialdetik irten ziren espaniar guztiak.

Aurreko legediarekin alderatuta, herritartasuna eskuratzeko bidea errazten duten zenbait alde ditu, hots: erbesteratuen bilobek nazionalitatea eska dezakete, amak edo aitak inoiz izan ez badu ere. Eta amak edo aitak izan izan balu, seme-alabek adin mugarik gabe eskatu ahalko dute. Aurreko legearen arabera, 21 urtetik beherako seme-alabei baino ez zitzaien onartzen nazionalitaterako eskubidea. Espainian bizitzea ere ez da eskatzen. Lege berriak arestian aipatutako eragozpenak ezabatzen ditu. Horrez gain, nazionalitatea eskuratzeko aukera ematen die 1978ko Konstituzioa indarrean sartu baino lehen atzerritarrekin ezkondutako emakumeen ondorengoei. Garai hartan, atzerritarrekin ezkontzeagatik nazionalitatea galtzen zuten emakume espainiarrek.

"Biloben Legea"ren onurak eskuratzeko, eskatutako dokumentazio guztia bildu eta hitzordua eskatu behar da online Espainiako kontsulatuan. Bi urteko epea ireki da, 2022ko urriaren 21ean abiatuta, dokumentazioa aurkezteko, baina epe hori beste urtebetez luza dezake Ministroen Kontseiluak, hala erabakitzen badu.

Legearen testua eta eskatutako dokumentazioa, eta Espainiako nazionalitatea eskatzeko eskaera-imprimakirako sarbidea, hemen.

-Jaiotze agiri eskabidea, Araba, Bizkaia edo Gipuzkoan
-Jaiotze agiri eskabidea, Nafarroan



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia