euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bilerak, euskara, txistu eta gastronomia tailerrak egingo ditu Cordobako Gerorak, eskuratu duen egoitza berrian

2014/10/16

Cordobako Gerora Elkarteko ikasle eta irakasleak Mintza Praktikan, egoitza berrian
Cordobako Gerora Elkarteko ikasle eta irakasleak Mintza Praktikan, egoitza berrian

PUBLIZITATEA

Lokala Cordobako erdigunean dago eta bi erakunde elkarbiziko dira bertan, Gerora Elkartea eta ‘Andere, Bake eta Garapen' (Mujer, Paz y Desarrollo) GKE edo Gobernuz Kanpoko Erakundea. Cordoba erdiguneko Parana kaleko egoitza berrian, bere aktibitateetako batzuk garatuko ditu euskal taldeak, batez ere euskararekin zerikusia dutenak. Etorkizunari begira, ekintza mordoa egingo dute geroratarrek urtea bukatu baino lehen, tartean Euskara Astea eta Hizkuntz Gutxituengotu eta Gutxiarazitakoen Topaketa. 

Córdoba, Argentina. Duela lau urte jaiotako Gerora Elkarteak zintzo-zintzo jarraitzen ditu bere sorreraren helburuak. Hori dela eta egoitzan behin finkatuta, prest daude dagoeneko Gerora Elkarteko kideak euren leku berrian Euskal Kulturaren adierazpide guztiak hedatzen segitzeko.

“Egoitza berria ‘Andere, Bake eta Garapen’ izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundearena da eta haiek eskuzabaltasun handiz eskaini digute lekua partekatzea. GKE honek hogei urte daramatza emakumeen eskubideen alde lan egiten eta lan handia egina dute genero arloan”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Elba Mocoroa Gerorako lehendakariak. “Lokala Parana kaleko 197. zenbakian dago eta oso egokia da Zuzendaritza Batzordeko bilerak egiteko eta baita euskara tailerrak, mintza praktikak, txistu tailerra eta sukaldaritza tailerrak emateko ere. Dantza eta musika tailerrak antolatzeko, ordea, beste leku bat aurkitu behar izan dugu, leku handiago bat”.

Aipatzekoa da abuztuan Cordobara egindako bidaian Sara Pagola ordezkariak bisita egin ziela Gerora Elkarteko kideei euren egoitza berrian eta lekua ezagutzeko aukera izan zuela. “Horretaz gain, Cordobako Unibertsitateko Hizkuntz Fakultateko Dekanoa den Elena Perez-ekin bildu ginen, eta oso proposamen onak mahaigaineratu ziren”, jakinarazi digu Hizkuntz Fakultateko euskara irakasle ere baden Mocoroak. Datozen ekintzen artean, unibertsitatean bertan jasoko dute Gerora-ko kideek Jesus 'Txutxi' Ariznabarreta Independentistak Sareko ordezkaria heldu den urriaren 28an.

Urte amaierara arteko egitaraua

Egoera berriak bultzaturik, erabat murgilduta daude Gerorakoak hurrengo hilabetetako ekintzen egitaraua antolatzen. Eta proposamenak ez dira gutxi izango. Abenduaren lehenengo astean Euskararen Astea eta Hizkuntz Gutxituengotu eta Gutxiarazitakoen 5. Topaketa egingo dituzte. Aurtengo edizioan, piemontear elea, katalana eta euskara hizkuntzez gain kitxua ere hartuko dute aztergai. Aste berean, gainera, Olerki Eguna eta Liburu Askea (liburuak kalean uztean datza proposamen hau, jendeak atxera eraman, irakurri eta berriz ere kalean utz ditzan) ospatuko dira, euskal etxea partaide, hiriko hainbat plazatan.

Helburu solidarioei dagokienez, emanaldi ziklo bat eskainiko dio Cordobako Txotx! Dantza Taldeak probintziako Osasun Arloaren barruan dauden Birgaitze Zentro batzuetan. Lehenengoa, abenduaren 12an, arratsaldeko 6etan izango da, Unquillo herrian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia