euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bilerak, afixak, euskara, danborrada, kalejirak… martxa handia Necocheako euskal asteko larunbatean (II)

2011/11/16

Euskal etxeko egoitza izan zen kalejirako abiapunta (argazkia EuskalKultura.com)
Euskal etxeko egoitza izan zen kalejirako abiapunta (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Danborradaren soinuak Donostiatik Necocheara bidaiatu ziren joan den larunbatean. Izan ere, Gaztelubideko zuzendariarekin batera, San Sebastian eguneko erritmoak entzun ahal izan zen Euzko Etxea-ko egoitzaren aurrean. FEVA eta liburuzainen bilerekin hasi zen Euskal Asteko azken-aurreko eguna, danborrada, kalejira, dantza eta erromeriarekin bukatu zen. Hona larunbateko lehenengo zatiko argazki erreportajea.

Necochea, Argentina. Urtero bezala eta Euskal Asteko egitarauari jarraituz, azaroaren 12an egin zen FEVAko ordezkarien bilkura. Hitzordua goizeko 9:30etan hasi zen eta 35 bat euskal etxeren ordezkariak bildu zituen. Eusko Jaurlaritzako agintariak ere izan ziren bileran, hala nola Julian Celaya Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendaria, Elvira Kortajarena Jaurlaritzaren Argentinako ordezkaria eta Andoni Martin Kanpo Harremanetarako teknikaria. Aldi berean Euskal Liburutegien elkarretaratzea gauzatu zen euskal etxean. Arratsaldean, berriz, ikuskizunak burutu ziren kaleetan eta Paris antzokian.

Necocheako euskal astea II 2011 01

[Larunbat goizean, Euskal Liburutegien bilkura egin zen. Partaide izan ziren elkarretaratzean Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat-eko Laura Nobile; Trenque Launquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeko Susana Echaide, Miriam Oyarzabal eta Omar Gardon; Bahia Blancako Union Vasca-ko Cecilia Arrillaga; Jose C. Paz-eko Toki Eder-eko Mercedes Navas eta Aurora Darreche Echeandia; Olavarriako Gure Etxe Maitia-ko  Andrea Boado eta Guillermo Arnau; La Platako Euzko Etxea-ko Maria Fernanda Astigarraga; Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea-ko Agustina Olaizola; Necocheako Euzko Etxea-ko Viviana Dominguez; Lapridako Lagunen Etxea-ko Maria Ester Arrondo; Chivilcoyko Beti Aurrera-ko Emilse Iriart; Buenos Airesko Euskaltzaleak-eko Celia Escudero; FEVAko idazkari Marta Abarrategui; eta liburutegien arduradun Luciano Etchepare. Ricardo Basterra FEVAko lehendakariak ongi etorria eman zien liburuzainei (argazkia EuskalKultura.com)]

Necocheako euskal astea II 2011 02

[Bien bitartean eta euskal etxeko kultur aretoan, FEVAko bilera egin zen. Julian Celaya eta Elvira Kortajarenak hitz batzuk zuzendu zizkioten bildutako jendeari eta ondoren, Ricardo Basterrak 2011. urtean zehar Euskal Federazioak bultzatu eta gauzatutako ekintzei buruzko laburpena egin zuen (argazkia EuskalKultura.com)]

Necocheako euskal astea II 2011 03

[Necocheako Euzko Etxea-ko lehendakaria den Felipe Muguerzak ere osatu zuen euskal etxeen ordezkariei harrera eman zien taldea. Berarekin, Julian Celaya, Ricardo Basterra eta Elvira Kortajarena (argazkia EuskalKultura.com)]

Necocheako euskal astea II 2011 04

[Bere hamargarren urteurrenean, irmo jarraitzen du EuskalKultura.com-ek euskal diasporaren baitandik lan egiten. Joseba Etxarri zuzendariak euskal etxeko kideak agurtu zituen eta elkarren berri partekatzen jarraitzera animatu zituen (argazkia EuskalKultura.com)]

Necocheako euskal astea II 2011 05

[Eta euskaldunen hizkuntzak ere bere lekua izan zuen jaian. Pablo Cufre irakasle arduradun, euskara txokoan oinarrizko esaldiak ikasi zituzten bisitariek  (argazkia EuskalKultura.com)

Necocheako euskal astea II 2011 06

[Lehiaketetan parte hartu zuten afixa eta postalak ikusgai egon ziren asteburu osoan (argazkia EuskalKultura.com)]

Necocheako euskal astea II 2011 07

[Tradizio handia duen Necocheako danborradak gonbidatu bereziak izan ditu 2011ko Euskal Astean. Batetik, euskal etxe askotako jotzaileak gehitu ziren taldera. Bestetik, Gaztelubideko Jose Maria Abad arduratu zen momentu batzuetan zuzendaritzaz (argazkia EuskalKultura.com)]

[Donostiako soinuak Necochean  (bideoa EuskalKultura.com)]

 

[Aukeran Dantza Konpainiak ere hartu zuen parte danborradan (bideoa EuskalKultura.com)]

Necocheako euskal astea II 2011 08

[Danborrada bukatuta, kabalkadan joan ziren neska eta mutilak, txiki, gazte eta helduak Paris antzokiraino. Necocheako lagunek zuzenean ikusi ahal izan zituzten buruhandiak, erraldoiak, musikariak eta dantzariak (argazkia EuskalKultura.com)]

[Poliki-poliki eta hiriko erdigunetik, gonbidatu guztiak antzokira helduz joan ziren (bideoa EuskalKultura.com)]

(bihar segituko du)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia