Habana, Kuba. Ez dute Habanan egunero euskal koru musikaz eta euskal ondareko kantu hunkigarrienez gozatzeko aukera Euskal Herritik etorritako koral baten eskutik, eta horixe da joan den larunbatean gertatu zena Habana Erdiguneko Loyola-Reina Zentroan, entzuleen tartean hiriko euskal etxeko kideak, laurogei bat pertsona bildurik. Ekitaldiko aurkezle Leyris Guerrero kontalaria eta hasierako hitzen egile euskal koruko lehendakari Ana Bermejo Arteagabeitia, euskal taldeak 'Txoria Txori', 'Oi Ama Euskal Herria', 'Xalbadorren Heriotzean' edo 'Ama' bezalako kantuak eskaini zituen.
Izan ere, gogoz kantatu zuten abokatuek osatutako ICAbizkaia --ICAk Ilustre Colegio de Abogacía nahi du esan-- koruko kideek, ordu batzuetan toga kendu eta partiturak hartuta. Kubara bidaiatzeko arrazoia profesionala zuten, baina Elkargoko Zuzendaritza eta Nazioarteko Batzordeek bertara bidaiatu behar zutela-eta, emanaldia ere egiteko aukera bideratu zuten, non eta Centro Loyola-Reinako 'Padre Arrupe' Antzokian. Kontzertuan anfitrioi, bertako Vocal Novel Voz, kubatar ondareko kantuekin, eta emanaldia biribiltzeko, saxofonista bat, Camila Bocoart.
Kubako Vocal Novel Voz taldeak eskaini zituen 'El manicero', 'Mambo', Canto a La Habana'...
Eta euskaldunek, euskal kantu esanguratsuak, eta baita besteren bat ere, esaterako 'Dulce embeleso'.
Bi koruak kontzertua bukatuta egindako argazkian. Gorriz, Camila Bocoart saxofonista
Igandean, bestalde, abokatu bizkaitarrek agape moduko bat partekatu zuten kubatar gizarteko hainbat talde gonbidatuta, tartean Kubako Euskal Etxeko zuzendaritza, euskal-kubatar elkarteko lehendakari Renato García Egusquizak adierazi dionez EuskalKultura.eus-i. Gogora dezagun Kubako Euskal Etxea berez Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia de La Habana izenpean sortu zela 1877 eta historian gorabeherak izan baditu ere, segitzen duela, munduko euskal etxe zaharrenetakoa delarik.