Zazpi minutuko zazpi atal jarri dituzte sarean eta, horrekin bakarrik, "Gifted Corporation" websailak nazioarteko hainbat zinemaldietan dozenaka sari irabazi ditu. Nazioarteko ikusleak ere eskuratu ditu produktuak, batez ere Estatu Batuetan, Oliver Mend zuzendariaren esanetan. Bera eta Rose of Dolls dira sailaren sortzaileak, eta dagoeneko bigarren denboraldia ari dira prestatzen.
Bilbao, Bizkaia. Duela ia urtebete estrenatu zen sare sozialetan eta harrezkero "Gifted Corporation" websailak hamabost sari eskuratu ditu dagoeneko nazioarteko hainbat zinemaldietan. Interneten, gainera, jarraitzaile asko lortu ditu, horietarik asko Estatu Batuetan. Hango ekoitetxe batek ere erreparatu dio websailari, eta azken hilabeteotan AEBetan izan dira Oliver Mend eta Rose of Dolls zuzendariak, proiektu berriak lantzen.
"Egia esan websaila atzerrira begira sortu dugu hasiera hasieratik. Horregatik egin dugu ingelesez, eta AEBetan girotuta", esan dio Euskalkultura.com-i Oliver Mend-ek. Zazpi atal dira, bakoitza zazpi minututakoa soilik, baina nahikoa eta sobera ikuslearen jakinmina pizteko, ahalmen berezi eta arriskutsuak dituzten pertsonaia hauei segika.
Aurreneko denboraldiaren trailerra:
Bilbon grabatu zuten aurreneko denboraldia, aurrekontu xume batekin eta auzolanean. Ehun lagunek osatu zuten lantaldea, eta doan egin zuten lan bai teknikariek eta baita aktoreek ere, 49 minutuko akzio eta misterio istoria hau egiteko. Emaitza minututan laburra bada ere, proiektuak atzean lan handia duela azpimarratu du Mend-ek. "Rosek eta nik Arte Ederrak ikasi genituen eta bideoklipak eta laburmetraiak egiten eskarmentua genuen. Rose websailen munduan sartzen hasi zen eta 2013ko maiatzean hasi ginen "Gifted Corporation" garatzen. 2014ko otsaila arte gidoiak idazten eta saila nola egin pentsatzen ibili ginen buru-belarri. Gero, grabazioa eta muntaia oso azkarrak izan ziren, dena oso landua genuelako".
Aktoreak ere bertakoak dira gehienak, tartean Bilbon bizi den atzerritarren bat badago ere. Ingelesez azentuak oso desberdinak dira, baina nazioartean oso ondo hartu dituztela dio Mend-ek: "Azentuen kontua deigarriagoa da hemengoentzat kanpokoentzat baino. Estatu Batuetan, adibidez, latino asko dago eta han ez dute inolako arazorik izan azentuak ulertzeko. Batzuetan, ingelesez ondo hitz egin baina acting kaxkarragoa zuen aktorea baino nahiago izan dugu aktore onena hartu".
Sortzaileak sailaren bigarren denboraldia prestatzen ari dira dagoeneko; 14 atal, 14 minutukoa bakoitza. "Gidoia ia hasieratik dugu idatzia. Handiago egingo dugu dena: minutu gehiago, akzio gehiago eta ikusleek gehien atsegin dituzten pertsonaiak agertuko dira berriz".
Bigarren denboraldi horren zain, "Gifted Corporation"-eko misterioa argitu nahi dutenek www.giftedcorporation.com webgunean ikus dezakete aurreneko denboraldia.