euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bilbon gaur hasiko den Gaztemundu 2007ko 30 amerikar gazteetako bat da Arrecifeseko Marianela Rimini Azarola

2007/07/02

Marianela eta berak Arrecifeseko Euskal Etxean zuzentzen duen txikien taldeko kide batekin
Marianela eta berak Arrecifeseko Euskal Etxean zuzentzen duen txikien taldeko kide batekin

PUBLIZITATEA

Argentina, Uruguai, Peru, Kolonbia eta AEBetako hogeita hamar gaztek hasiko dute gaur goizean Bilbon Eusko Jaurlaritzak urtero antolatzen duen Gaztemundu programako edizio berria, aurtengoan euskal etxeetako zuzendari gazteei eta barne eragileei eskainia. Arrecifeseko Euskal Etxetik etorria, Marianela Rimini Azarola da partaideetako bat. Bere euskal etxetik azpimarratu digutenez, Marianelak 'mereximendu osoz' lortutako aukera du Gaztemundukoa. 'Bizitza osoa darama gurekin, lan handia egiten du eta harro gaude oso berarekin eta bera hor gure ordezkaria izateaz'.
Marianela joan den ostiralean abiatu zen Euskal Herrira 'mereximendu osoz lortu duen Gaztemundun parte gartzeko bekarekin'. Halaxe adierazi diote bederen BasqueHeritage.com-i Arrecifeseko 'Euskaldunak Danak Bat' Euskal Etxetik, ez baitute heiek ere parada hau galdu nahi izan neska gazte arrecifestarrak euren erakundearen barnean garatzen duen lana publikoki errekonozitu eta goraipatzeko. 'Mari betidanik dago gurekin. Minitxikia zelarik ere --ez zuen oraindik ibiltzen ikasi-- Euskal Etxeko jaietako partaide zen,
euskal jantziz. Geroago txiki gisa sartu zen dantza taldean, Victorias Sáez Abarrateguirekin; ipurtarina, geldiezina eta parte hartzeko gogo handiz, beti bezala'. [Eskuineko irudian, Marianela Rimini Azarola Arrecifeseko Ugarritzak dantza taldeko partaide legez]

Tenorea heldutakoan ertainen dantza taldera pasatu zen eta azkenik nerabeenera, Facundo Araguzekin, eta honela iritsi zen gazte dantzari guztiek amesten duten momentura: taldearekin Euskal Aste Nazionaletan parte hartzera.

Dantzari, txistulari eta bere euskal erroekin engaiatua

Txikitandik eginiko euskal ibilaldi horretan, Mari euskal musikazaletzen joan zen eta halako batean, duela gutxi zendua den Euskal Etxeko musikari eta txistulari Adalberto Pedro Loyola 'Potxoko'rengana jo zuen, 'zerbait' irakas ziezaion. 'Zerbait' hori sorpresa handi bat izan zen, Potxolorentzat hasteko, agerian gelditu baitzen Mariren belarri finaz: berak kantu bat murmurikatu eta makilatxo batez erritmoa mahaiaren kontra markatu orduko, Marik belarriz ateratzen zuen. Zendu zen arte Potxolok ez zuen aukerarik galtzen zein ikasle baliosa zeukan iragartzeko.

Marianela Arrecifeseko Txikien dantza taldeko irakaslea da gaur egun, Miguel Gacia Bernauz-ekin batera, eta zati garrantzitsua da Arrecifeseko euskaldunek osatzen duten familian. Horregatik diote bere Euskal Etxean 'mereximendu osoz' irabazitako lekua izan duela gaur Bilbon hasiko den Gaztemundukoa. [ezkerreko argazkian, Marianela txistulari gisa, Euskal Aste Nazional batean]


Lotura interesgarriak

Arrecifeseko euskaldunen azken agurra Potxolori
2007ko maiatzaren 24an BasqueHeritage.com-en argitara emana

Arrecifeseko 'Euskaldunak Denak Bat'en zuzendaritza berria
2007ko apirilaren 30ean BasqueHeritage.com-en argitara emana

Eusko Irudiak erakusketa Aberri Eguna Arrecifesen
2007ko apirilaren 23an BasqueHeritage.com-en argitara emana

'Euskaldunak Denak Bat'en egoitzak 60 urte bete ditu
2007ko apirilaren 17an BasqueHeritage.com-en argitara emana

Arrecifes-ek bere Euskal Etxearen 85. urteurrena ospatuko
2007ko otsailaren 24an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia