euskal diaspora eta kultura
2009/08/11
PUBLIZITATEA
Bilbo, Bizkaia. 'Euskaldunen pilota jokoa' erakusketak joko honen historia azaltzen du XVI. mendetik XX.era. Erakusten du, besteak beste, jokoaren garapena eta, esate baterako, nola pasatu zen pilota joko luzetik frontoira. Amaia Basterretxeak azaltzen duenez, erakusketak garrantzi handiko dokumentuak ditu bere baitan. 'Originalen bat ezin izango dugu estatutik atera, baina horietan ere kopiak eramango ditugu AEBetara, eta erakusketa bisitatzen dutenek informazio eta elementu aski politak izango dituzte ikusgai, pilotak eta euskal pilotak gaur dituen ezaugarrietara iritsi arte egin duen ibilbide aberatsaz'.
[Calouse Gulbenkian Fundationek Bilboko Euskal Museoari utzitako pilotari buruzko marrazkia]
Amaia Basterretxearen esanetan, erakusketa atzerriko beste zenbait museotara eramateko lanetan ari dira. 'Badirudi, San Frantziskon ere ikusi ahal izango dela. Oraindik zehaztea falta zaigu baina litekeena da Boisetik San Frantziskora eramatea, erakusketa bi hilabetez Basque Museum-ean egon ostean'. Basterretxearentzat, erakusketa Boiseko Jaialdi-n zabaldu ahal izatea polita izango da. 'Horregatik ekitaldi bereziak prestatu nahi ditugu'. Museoko zuzendariaren asmoa da Basque Museumaren ondoan dagoen frontoian pilota partidak eskaintzea. 'Erakusketaren aitzakia ezin hobea da eta horretarako Aspe eta Asegarce enpresekin hitz egiten ari naiz. Partidari baiezkoa eman diote baina oraindik jakiteke dago zein pilotari izango diren bertan', dio Basterretxeak.
Kepa Junkeraren musika
Erakusketari dagokionez, besteak beste Aurelio Arteta margolariaren 'Pelotaris' (pilotariak) koadroa izango du ikusgai, baita 'Pasaka partida Donibane Lohizuneko trinketean' delakoa ere, Joseph Saint-Gernierren lana. Bestetik, jokoaren arauak jasotzen dituzten hainbat agiri ere erakutsiko ditu. Besteak beste, Tolosan 1860. urtean idatzitako bat. Pilota jokoak lau mendetan zehar izan duen garapena eta aldaketak agerian utziko dira. Basterretxeak azpimarratzen du baita ere, espres erakusketarako egindako bideoa. Hamar minutuko irauten ditu eta Kepa Junkerak eginiko musika darama. Basterretxearen esanetan, 'bideoa itzela, zoragarria da. Intentsitate handiko artelan bat dela iruditzen zaigu', erizten dio.
[XX.mende hasierako pilota partida Zaldibiko frontoian]
Bestetik, pilotak nola egiten dituzten ere erakusten da, baita ere pilotariek eskuak nola prestatu eta zaintzen dituzten. Azken honi lotuta, Kepa Lizarraga medikuaren adierazpenak jasotzen dira. Honek pilotariek izaten dituzten lesio eta gaitzen inguruan hitz egiten du. Argazkietan frontoietako aldagelak, gradetako giroa eta pario, postura edo apostuen mundua islatzen dira. Erakusketako materialak Euskal Herriko, Espainiako eta atzerriko artxibo pribatu batzuetatik eskuratua da. 'Dokumentazio ugari honi esker erakusketak balio handia du', dio Basterretxeak, Aspe eta Asegarce enpresetatik jasotako laguntza ere azpimarratuz.
-Bilboko Euskal Museoa: www.euskal-museoa.org
-Erakusketaren esku-orria: www.euskal-museoa.org/eus/exposicion.html
-Boiseko Euskal Museoa: www.basquemuseum.com
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus