euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bilboko AEMI mintegiak migrazioari buruzko Europako museo birtual bat sortzeko proposamena sustatu du

2010/10/06

Mintegiko saioetako bat (argazkia Irekia)
Mintegiko saioetako bat (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Migrazioen Elkarte Europarrak egunotan Bilbon egin duen mintegia bukatuta, antolatzaileek egiten duten balioespena ezinhobea da. Mintegiak "hemengo unibertsitateek AEMI deskubritzea" ekarri du, diote antolatzaileek, eta proiektu handi baten abiapuntua izan daiteke: migrazioari buruzko museo birtual europar bat sortzea, sarean AEMIko kide diren erakundeen datubaseak eta ikerketak atari bakarrean bilduz.

Bilbao, Bizkaia. Migrazioen Elkarte Europarraren Urteroko Bilkura joan den larunbatean amaitu zen, migrazio ikasketak eta teknologia berrien arteko harremanari buruz hiru egunez hausnarketa egin ostean. Eusko Jaurlaritzako Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritza izan da mintegiko antolatzailea (AEMIko kide da) eta Bilbon jorratutakoaren balioespen oso baikorra egiten dute arduradunek.

"Urteroko Biltzarrean AEMIko bi kide berri onartu genituen: Hannoverreko Industria Museoa, langileen ikuspuntutik immigrazioa jasotzen baitu, eta Mainz-eko Unibertsitateko Kulturaniztasun Saila", azaltzen du Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako saileko teknikari eta antolakuntzako kide den Benan Oregik.

Beste batzuk, Boiseko Basque Museum-a kasu, AEMIko kide lagun izateko interesa agertu dute. Ipar Amerikan AEMIko lagun diren hainbat elkarte daude, herrialde hauek Europako migrazio asko jaso baitzuten. New Yorkeko Ellis Island famatuko museoa, adibidez, AEMIko kide laguna da.

Europar migrazioaren museo birtuala

Mintegian aurkeztu dituzten hitzaldi eta proiektuen artean aipagarrienetako bat Swedish American Center-eko Mathias Nilsson suediarrak ekarri zuena izan da: interneten AEMiko kide diren elkarte guztien ikerketak eta datubaseak batuko dituen atari bat sortzea; migrazioari buruzko museo birtual europar bat sortzea, alegia. Proiektu oso mardula eta aberatsa da, material asko bildu eta kudeatzea eskatuko duena, baina Europar Batasuneko laguntza izan dezakeena. Proiektua errealitate bihurtzeko prozesua luzea izan daiteke, baina Bilbon lehen urratsak eman dituzte jada.

Mintegian datorren urteko topaketa eta bilkura Danimarkako Aalborg hirian egingo dela erabaki zuten bazkideek. 

Informazioa gehiago AEMIren webgunean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia