Buenos Aires, Argentina. Euskaldunen ikurrik zabalduena da gaur egun eta Diaspora osoko euskal etxeetan dago ikurrina, bilgarri eta euskal elkartasunaren adierazle. Baina iraganera begiratuz gero ez da gure artean hain ikur zaharra. Izan ere, Diasporari dagokionez, bihar beteko dira ehun urte Argentinan ofizialki lehen aldiz igo zutenetik, non eta Buenos Airesko Laurak Bat-en, orduan geroztik baieztatu duen ibilbide luzea egiten hasia zen EEa "euskal diasporako gizarte, kultura eta aisialdiko erakunde adierazgarri” gisa, EEtik bertatik azaldu digutenez.
1921eko uztailaren 9an jaso zuen Laurak Bat-ek lehen aldiz ikurrina San Fermin jaien ospakizunarekin batera Argentinako Independentziaren Eguna ere (105 lehenago gertatua) ospatzeko. “100 urte beteko dira bihar ikurrinaren geroa markatu zuen ekitaldi garrantzitsu hartatik, euskal herritar guztien ikur nazionala bilakatzeko egingo zuen bidean ideologia eta alderdi-marka guztien gainetik", azaldu dute bihar gertakaria oroitzeko saioa antolatu dutenek.
[Ekitaldia zabaltzeko bideoa, euskarazko bertsioa]
Zeremonia, bihar arratsaldeko ordu 2etan (Argentinan) – 7etan (Euskadin)
Izan ere, Mendeurrena ospatzeko eta “eta euskal diasporak Argentinari eta Euskadiri historian zehar egindako ekarria aitortzeko”, Sabino Arana Fundazioak eta Laurak Bat Euskal Etxeak baterako ekitaldia antolatu dute, Bilbotik eta Buenos Airesetik aldi berean parte hartuta, saioa bi hiriburuetan ikurrina batera jasoz burutzeko.
Hiru hizlari arituko dira. Argentinatik, Laurak Bat-eko lehendakari Jose Gabriel Anituak hitza hartuko du eta Euskal Etxearen sorrera eta historia azalduko ditu, eta baita euskal komunitateak herrialde osoan eta Hego Amerikan izan duen garrantzia ere.
Bilbotik, Eusko Jaurlaritzaren Kanpoko Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu arituko da. Eta Oscar Alvarez Gila, Historian doktore eta EHUko Amerikaren Historiako irakaslea.
Ekitaldia streaming bidez zabalduko da, bihar, uztailak 9, Argentinan 14:00ak eta Euskadin 19:00ak direla. Argentinako 18:00etan, gainera, Laurak Baten Youtube Kanalera (laurakbataudiovisual) eta sareetara ere igoko dute. Streaming-eko linka datozen orduetan jakinaraziko da.
Argibide gehiago, hemen.