euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Biktimak gogoan, mota askotako oroipen saioak egin dituzte Euskal Etxeek Gernikako Bonbardaketaren 87. urteurrenean

2024/05/01

Gernikako Bonbardaketaren 87. urteurrena Limako Euskal Etxean
Gernikako Bonbardaketaren 87. urteurrena Limako Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. 87 urte pasatu dira Gernikako eraso anker hura jaso zuenetik eta Bonbardaketaren harrabotsaren oihartzuna ozen segitzen da entzuten oraino Euskal Herrian eta bere diasporan, entzun ere mezu argi batekin: errepika ez dadila. Izan ere hori bera da Euskal Etxeek eurenganatu eta urteurren oro munduan barrena transmititzen duten mezua, hamaika motako hitzordu tarteko. EuskalKultura saio horietako askoren berri ematen eta iragartzen joan da bere agendan. Gaurkoan, beraz, gutxi batzuk ekarriko ditugu hona. Esaterako, Brasildik bidali diguten 'Gernika Viva' (Gernika bizirik) ziklo eta programa, Sao Pauloko 'Casa Gernika'ren eskutik elkartasuna eta lankidetza landuz plazaratzen ari dena.

Izan ere, azkeneko bi urteetan bezala, Sao Pauloko ‘Casa Guernica’ taldeak ‘Gernika bizirik’ Astea antolatu du aurten ere apirilaren 27tik aurrera. Lehenengo egunean, 30 bat lagun bildu ziren Sao Pauloko leku historikoak bisitatzeko ibilaldian. Apirilaren 28an, Eusko Alkartasuna Euskal Etxearekin batera, euskal pilota erakusketa egin zuten. Apirilaren 29an, Gernikako Bonbardaketaren 87. urteurreneko zigilupean, ‘Centro Itaquerense de Familias Amigables‘ elkarte solidarioak kale gorrian bizi diren pertsonentzat janaria prestatu zuen. Eta Asteak segitzen du, azken eguna osteguna, maiatzaren 2a duela, hona programa.

Hamarnaka euskal etxek mundu osoan bat egin dute aurten ere, batera edo bestera, Bonbardaketa gogoan, mezu bakarrarekin: ez dadila errepika

Txileko Santiagon bi ekintza antolatu ziren: "Gernika, una memoria necesaria" (Gernika, beharrezko memoria bat) solasaldia eta "Gernika 3724" margolan kolektiboa. Margolana "Euskara eta euskal kultura" ikasgai duten Txileko Unibertsitateko hainbat ikaslek sortu zuten, Cecilia Zabaleta artista plastikoaren laguntzarekin, Etxepare Euskal Institutua, eta Txileko, Peruko eta Kolonbiako Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritza babesle. Hainbat lagun bertaratu ziren margolanaren inauguraziora, tartean Prestakuntza Orokorretarako Ikastaroetako zuzendari Francisca Fuentes, Rafael Kutz Euskadiko Ordezkaria, Cecilia Zabaleta artista plastikoa eta Roberto Fuertes historialaria. Lana Fakultatean bertan egongo da ikusgai bi astez. Nola margotu zuten ikusi nahi baduzu, hona ondoko bideoa:. 


Santiagoko "Gernika 3724" lan kolektiboa nola egin zuten azaltzen duen bideoa

Viña del Mar-en eta Valparaison Alberto Rojoren “Gernika, el bombardeo” (Gernika, bonbardaketa) dokumentala proiektatu zuten apirilaren 27an. Filma ikusi aurretik, joan den mendeko 30. hamarkadan euskal herritarren egoera zein zen azaldu zioten publikoari eta filma bukatu eta gero momentu bat hartu zuten bildutakoek hausnarketak egiteko. Brindisa ere egin zuten “euskal identitatea babesteagatik euskara babestu zuten lagunen omenean”, jakinarazi digute Euskal Etxetik.

Trujilloko Euskal Etxeko lagunek "A 87 años del bombardeo" (Bonbardaketatik 87 urtera) hitzaldia eskaini zuten. Ondoren "Gernikako Bonbardaketa" film laburra proiektatu zuten. Ekitaldia hiriko El Recreon, El Cultural-eko Abraham Licoln liburutegian, izan zen, Wilfredo Lizarzaburu Muñoz-en eta Juan Verastegui Leon-en ardurapean. Liman, berriz, Euskal Etxeko lagunek ekitaldi berean ospatu zituzten Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren urteurrena. Egin zuten elkarretaratze eta bazkarian. Elkarteko lehendakariak adierazpen instituzional bat irakurri zuen eta EEko kide den eta ekitaldian partaide izan zen Jon Guarrotxenari —umea zela, amaren besoetatik izan zen Bonbardaketako lekuko— omenaldia egin zioten.

Montevideon, FIVU federazio euskal-uruguaitarrak deiturik, eta Carmeloko Ibai Ondoko Etxea, eta Montevideoko Euskaro eta Haize Hegoa euskal etxeetako lagunak bertan, lore eskaintza eta Aurreskua dantzatu zuten hiriburuko Gernika Plazan dagoen plaka eta oroitarriaren aurrean apirilaren 27an. Carmeloko Ibai Ondoko Etxeak, arratsalde partez, hitzaldia antolatu zuen bere egoitzan 87. urteurrenaren karietara, Miguel Asqueta hizlari. Hauek eta Diasporako hainbat herri eta herrialdetan eratutako ekitaldiak hemen kontsullta daitezke.

Hemen, aipatu deialdietako argazki batzuk, Sao Paulo, Viña del Mar, Santiago, Trujillo, Lima eta Montevideokoak:


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia