euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bikote euskaldun batek sei hilabetetan Hego Ameriketan egindako bidaiak kontatzen ditu blog batean

2008/02/29

Bikoteak Ushuaian ateratako argazkia, blogean ikusgai
Bikoteak Ushuaian ateratako argazkia, blogean ikusgai

PUBLIZITATEA

Ahinitz Gerrikagoitia donostiarra eta David Santesteban iruindarra sei hilabetetan Hego Amerikako sei lurralde ezagutzera abiatu ziren. Denbora tarte horretan hauek izan dira bikoteak ezagutu dituen lurraldeak: Txile, Rapa Nui edo Isla de Pascua, Argentina eta Uruguay. Buenos Airesen, David eta Ahinitz bigarren honen familia argentinarrarekin egon ziren Urtezahar-gaua eta Urteberria ospatzen. Hau dena eta beste zenbait gauza bikoteak sortu duen blogean dago ikusgai.
Argentinako Puerto Iguazutik erantzun dute Ahinitz Gerrikagoitiak eta David Santesteban euskaldunek Euskalkultura.com-ek posta elektronikoz egindako hainbat galderei. Bikote gazte hau orain dela gutxi abiatu zen Hego Amerikara bertako sei lurralde ezagutzera. Momentu hartatik hona hainbat lurralde bisitatu dituzte: Txile, Rapa Nui edo Isla de Pascua, Argentina eta Uruguay. Baina, hasierako ideia hori aldatzen ari direla aipatu dute protagonistek: “Hasiera batean 6 hilabeteko bidaia egiteko asmoa genuen eta Txile, Argentina, Uruguay, Paraguay, Bolivia eta Peru ezagutzekoa. Dagoeneko Paraguay kendu dugu zerrendatik eta Uruguayri ere 10 egun bakarrik eskaini dizkiogu, baina zerrendan Brasil sartu da”. Gauzak horrela, bikote honek blog bat atera du beren istorioa kontatzeko eta ilustratzeko. Bertan, euskaldunek bisitatutako tokiak ikus daitezke eta baita bakoitzaren historia edota utzitako sentsazioak ere.

Aipatutako blogak adierazten duenez, Ahinitzek beste gauza pozgarri bat ezagutu zuen Buenos Airesen: aitaren familia argentinarra. Blogean esaten duten moduan, “Nik, Delta del Tigren aurkitu daitezkeen altxorrez gain, beste altxor bat aurkitu dut: nire familia argentinarra. Bai, bai, ondo irakurri duzue. Gure familia. Lehenago ezagutzen ez banituen ere, etxekotzat hartu gintuzten berehala eta beraiekin pasatu genuen Urtezahar-gaua”.

Ahinitz eta David Bartzelonako Euskal Etxean ezagutu zuten elkar. Donostiarra iragan urtera arte bertan aritu zen irakasle moduan eta David bere ikaslea izan zen. Orain, ordea, Hego Amerikan daudela, Buenos Aireseko eta Montevideoko Euskal Etxeak bisitatzen saiatu dira, baina “antza egun txarrak dira udakoak Euskal Etxe guztietan eta ezin izan genituen barrutik ikusi, ezta han lanean ari den inorekin hitz egin ere”, aipatzen du Ahinitzek posta elektronikoan. Dena den, donostiarrak bidaia luzatzeko asmoa du: “Bidaia 2-3 hilabetez luzatzekotan nago. Aipatutako tokiez gain, Venezuela, Kolonbia eta Ekuador ere ezagutzea gustatuko litzaidake. Auskalo...”.


Lotura interesgarria

Bikotearen bloga
Bizitza Garratza Da



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia