euskal diaspora eta kultura
2009/12/28
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Azken urteotan zabaldu diren teknologia modernoek ligatzeko sistemak ere irauli dituzte. Orain arte tabernak, unibertsitatea, lantokia, edo auzoko supermerkatua toki aproposak ziren erakartzen gintuen horrengana gerturatzeko eta ausardiaz berarekin hitz egiten hasteko. Orain nesketan edo mutiletan egiteko beste modu bat aurkeztu digu internetek, ligatzea gustuko dutenei aukeraz beteriko mundu bat irekitzen dielako eta lotsatienek euren buruak anonimotasunaren babespean gorde ditzaketelako.
Harremanetarako orrialdeen presentzia eta gorakada nabarmena da interneten (milaka webguneetan ikus daitezkeen banner edo publizitate oharrek hala berresten dute) eta jadanik gure artean dugu euskaraz eta gizon eta emakume euskaldunentzako sorturiko harremanetarako webgunea.
Ligatzera!
Kaixomaitia.com-ek euskaldunen ligatzeko abileziaren inguruan sorturiko topiko eta txiste txar guztiekin bukatu nahi du. Hotzak eta barnerakoiak izan ala ez, apaindu eta koloniarik bota gabe etxetik mugitu gabe liga daitekeela kontutan hartuta, aitzakia gutxi gelditzen zaie bikotea aurkitzen ez duten euskaldun kexatiei. Parte hartzea erraza da: harpidetu eta erabiltzaile kontua aktibatu ondoren, zure izaera eta bizitzaren inguruko galdetegi bati erantzun beharko diozu.
Zure adina, sexua eta bizitokiaz gain (orrialdeak Euskal Herriko zazpi probintziak eta Diaspora ere aintzat hartzen ditu), zure zaletasunen inguruan hitz egin edo aisialdiaz nola gozatzen duzun aipatu behar da (adb: kirola, musika, zinema...). Galdetegiak bete ondoren, Kaixomaitia.com-eko tresna ezinbestekoena erabiltzea bakarrik gelditzen da: profil bilatzailea.
Gizon ala emakumea zaren eta gizon ala emakume (edo bien) bila zabiltzan azaldu behar da zure interesen arabera adin kontutan mugak batzuk jarri ondoren. Zure bilaketaren emaitzak eta profilak kontsultatu ditzakezu eta gehien erakartzen zaituzten erabiltzaileei mezu pribatuak bidaltzeko aukera duzu. Hortik aurrera, bakoitzaren trebetasuna erakustea besterik ez da falta. Gisa honetako gainerako webguneetan gertatzen den legez, atariko aukera guztiak baliatzeko diru kopuru jakin bat ordaindu behar duzu, baina saiatzeak merezi dezake.
Hazten doan proiektua
Orain dela bi urte jaio zen Kaixomaitia.com eta etengabe joan da jarraitzaileak gehitzen. Harpidedun kopurua gero eta handiagoa denez, arduradunek web orria eraldatu egin dute bere edukiak hobetuz eta erabiltzaileentzako aukera gehiago eskainiz. Halaber, zozketa eta sari ugari ere ipini dituzte azken aldi honetan harpidedunen partaidetza sustatzeko, hala nola Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako sarrerak, Ipod Nano bat edota Eguberritako Saski bat. Webguneak, urtebeteko epean, egun dituen 800 harpidetzak bikoiztu nahi ditu horrela 2010 urte amaierarako 2.000 harpidetzetara iristeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus