Uruguaiko Carmelo eta San Jose herrietan aurkeztu ondoren, Uruguaiko hiriburura iritsiko da bihar Magdalena Mignaburu Gure Arropa euskal jantzien bere erakusketa ibiltariarekin. Arropa bilduma aste bukaerara arte egongo da ikusgai Montevideoko Centro Euskaro euskal etxean; inaugurazioan hitzaldi bat eskainiko du Mignaburuk, bihar asteartea, arratsaldeko 7etan.
Montevideo, Uruguai. FIVU, Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioa babesle, eta Haize Hegoa eta Centro Euskaro Euskal Etxeek antolaturik, ‘Gure Arropa’ erakusketa inauguratuko da bihar, apirilaren 26an, Montevideoko Centro Euskaro-ren instalazioetan, hau da, Bacigalupi kaleko 2219. zenbakian.
Hogeita zortzi euskal jantzi tradizional biltzen dituen erakusketa apirilaren 29ra arte egongo da ikusgai, arratsaldeko 5etatik gaueko 9:30etara, publiko osoari zabalik. Biharko inaugurazioaren baitan, bildumaren arduraduna den Magdalena Mignaburu irakasle argentinarrak hitzaldia eskainiko du. Hitzordua, iluntzeko 7etan izango da.
Carmelo eta San Jose
Gure Arropa erakusketa ibiltaria Uruguaiko herrietan ikusi ahal den lehenengo aldia da hau, eta lehendabiziko bidaia honetan, FIVU babesle, Carmelo eta San Jose herrietan ere aurkeztu du Mignaburuk. Carmeloren kasuan, apirilaren 15etik 18ra egon zen ikusgai, Carmeloko Ibai Ondoko Etxea Euskal Etxearen 21. urteurrenaren eta herriaren bigarren mendeurrenaren ekintza programaren barruan. Mignaburuk EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “uholdeengatik jende asko ezin izan zen erakustaldira iritsi. Horregatik nik emandako bi hitzaldiak filmatu zituzten eta asmoa da laster proiektatzea euskal etxean eta baita eskoletan eta bertako telebistan ere”.
Urteurrenak zirela eta Carmeloko Euskal Etxeak antolatutako ekintzekin bukatuta, San Jose herrira bidaiatu zuen historialari argentinarrak. Bertan San Jose Kultur Gunean aurkeztu zuen ‘Gure Arropa’, apirilaren 19tik 23ra. “San Josen oihartzun handia izan zuen proposamenak hedabideetan, batez ere ‘Euskal Etxearen ahotsa’ izeneko euskal gizataldearen irratsaioa. Bertan San Joseko Euskaldunak Taldea euskal etxeko lehendakaria eta saioaren aurkezlea den Elizabeth Ascurreinek elkarrizketa bat egin zidan”, jakinarazi digu Mignaburuk.