Mendoza, Argentina. Azkenean iritsi da eguna. Bihar, irailaren 12an, asteartea, Jabi Elortegik zuzendutako “El Vasco” filma Argentinan lehorreratuko da eta Mendoza hiriko FilmAndes Distrito 33 Estudioan egingo du aurrestreinaldia. Bertan izango da protagonistetakoa den Eduardo Blanco aktore argentinarra eta, ostegunetik aurrera, herrialde osoko zinema gela eta areto komertzialetan ikusi ahal izango da.
Komedia bat da eta Euskal Herriko bere eguneroko martxaz nazkatuta, horrekin guztiarekin moztu eta bizitza berri bati ekiteko asmoz Argentinara ihes egiten duen gazte euskaldun baten istorioa kontatzen du. Joseba Usabiaga, Eduardo Blanco, Ines Efrón, Itziar Aizpuru eta Laura Oliva dauzka protagonista, eta Itziar Ituñoren lankidetza berezia. Iaz, Donostiako Zinemaldian estreinatu zenean, txalo zaparrada piztu zuen. Arrakastaz hartu du parte Miamiko eta Chicago Latino Film zinema jaialdietan ere, eta baita azken honetan publikoaren saria lortu ere. Pelikula Prisma Cine, Pausoka Entertainment eta Oeste Films-en koprodukzioa da.
Villa Maríako eta Mendozako euskal etxeetako kideak partaide
Pelikula 2021ean filmatu zen Euskal Herriko (Bermeo), Cordobako (Morrison, Villa María) eta Mendozako lokazioetan. Laguntza handia jaso zuen Argentinan filmatu zen herrietako euskal etxeen eta euskaldunen aldetik eta Villa Mariako Euzko Etxeko eta Mendozako Denak Bateko kide ugarik hartu zuten parte estra eta figurante moduan. Horiek guztiak bereziki gonbidatu dituzte aurrestreinaldira.
“Ehun bat lagun joango gara ekitaldira. Euskal Etxeko 'Gure kanta' abesbatzak kantatuko du eta, emanaldiaren ostean, zintzur bustitzea eskainiko digute. Gutako askok parte hartzen dugu filmean, batzuk bigarren mailako aktore edo estra gisa. Euskal Etxeko lehendakari Javier Salvarredi, esaterako, aurreskulari bezala agertzen da. Izan ere, castinga bera Euskal Etxean egin zuten. Telmo Esnalek eta Jabi Elortegik gure euskara klaseak bisitatu zituzten, eta harreman handia izan genuen eurekin eta talde osoarekin. Horregatik hainbeste poza!”, aderazi dio EuskalKultura.eus-i Mendozan euskara irakasle, eta bera ere filmean figurante den Lautaro Pincheirak.