Mexiko Hiria, Mexiko. Udako oporrak bukaturik, gogoz ekingo diete ondoko egunetan euskal mexikar lagunek Euskal Etxeko ohiko ekintzei. Euskara klaseei dagokienez, bi kurtso irekiko dituzte aurten: hasierako maila eta bigarren maila. Hasiberrien taldeak Iñigo Bilbao izango du irakasle eta klaseak asteartero izango dira, arratsaldeko 7etatik 9etara, irailaren 10ean hasita. Bigarren mailako taldea, Gurutzne Etxeberria arduradun, beranduxeago hasiko da, urriaren 15ean hain zuzen. Klase hauek ere asteartero izango dira, arratsaldeko 5etatik 7etara.
Mexikoko euskara ikasleen profilaz, orokorrean bi direla adierazi dio EuskalKultura.eus-i Iñigo Bilbao irakasleak. “Etortzen zaizkigun asko, lanagatik edo Euskal Herrira joan behar dutelako hasten dira; hauek berehalakoan ikasiko dutelakoan ematen dute izena eta gauzak ez direla horren bizkor gertatzen ohartzen direnean, batzuek segi eta beste batzuek utzi egiten dute. Euskal Etxeko jendea, ordea, fidelagoa da eta hau bezalako hiri batean Euskal Etxera iristeko dauden oztopoak gorabehera –adibidez trafiko izugarria– , ikasturtea hasi eta bukatu egiten dute”.
Ikastaroetan parte hartzeko edo xehetasunak eskuratzeko, idatzi centrovasco@prodigy.net.mx helbidera edo deitu +55 5250 4025 zenbakira. Hileko kuota 100 pesokoa da Euskal Etxeko bazkideentzat eta 300ekoa bazkide ez direnentzat.