Euskal Herritik propio etorritako bi neskak izango dute eskolak emateko ardura. Bi astetan zehar, musika, dantzak, euskara eta sukaldaritza irakatsiko dizkiete gazte euskaldunek aurten 70 urte betetzen ari den Villa Mariako Euskal Etxeko kideei. Programari amaiera emateko San Fermin ospatuko dute cordobatarrek uztailaren 16an.
Villa Maria, Argentina. ‘Anima Zaitez: euskal kultura zabaltzen’ izena jarri dio Cordoba probintziako Villa Mariako Euzko Etxea Euskal Etxeak erakundearen 70. urteurren programaren baitan sortutako ekimenari. Necocheako Hator Hona proiektua eredu hartuta, deialdi bat egin zuten Euzko Etxea-ko lagunek eta bi neska euskaldun iritsiko dira gaur bertan Villa Mariara, klase eta tailerrekin bihar larunbata hasteko.
Garazi Urbieta Mendizabal legazpiarra eta Arantzazu Zabala Zarate deriotarra dantzari eta musikariak dira eta dantza, txistu eta pandero eskolak emango dituzte. Baina euskara klaseetan ere hartuko dute parte, sukaldaritza tailerra eskainiko dute eta euskal jantzi tradizionalei buruzko hitzaldia emango dute.
Euskal Etxeko euskara irakaslea den Florencia Denizek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “aurten 70 urte betetzen ari da gure euskal etxea eta zerbait berezia egin nahi genuen gure hirian euskal kultura zabaltzen era berri batean jarraitzeko. Horretaz aparte, Euskal Herriaren aktualitatea, zentzu guztietan, ere jakin nahi dugu; hori dela eta bururatu zitzaigun Necochean egiten duten ‘Hator Hona’ programa bezalako bat egitea. Eta arrakastatsua izan da deialdia. Are gehiago, asmoa hemendik aurrera urtero egitea litzateke”.
Aktibitateak Euskal Etxearen egoitzan egingo dira (Lisandro de la Torre 33), uztailaren 2tik 17ra, egitarau honi jarraituz. ‘Anima Zaitez’ programaren lehenengo edizioari amaiera emateko San Fermin afaria egingo du Euskal Etxeak uztailaren 16an. Afarian bi asteetan ikasitakoa erakutsiko dute Euzko Etxea-ko kideek. “Uztailaren 17an agurra egingo diegu Garazi eta Arantzazuri eta horren ostean haiek Argentinan bidaiatuko dute euren kabuz”, jakinarazi digu irakasleak.
Aktibitateetan apuntatzeko edota informazio gehiago eskatzeko, Euskal Etxeko idazkariarekin jarri behar da kontaktuan 453-4400 zenbakian, 17etatik 21etara.