euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bihar hasiko da Santiagon Txileko Euskal Astea, besteak beste Oskorriren emanaldi bat tartean

2008/10/27

Oskorriren emanaldiaren afixa, Euskal Astearen barne
Oskorriren emanaldiaren afixa, Euskal Astearen barne

PUBLIZITATEA

Santiagoko Euzko Etxean egingo den ekitaldi batekin inauguratu da bihar datorren igandera arte Txileko hiriburuan garatuko den 2008ko bertako Euskal Astea. Gernikako Arbolari egingo zaion omenaldiak, Hiru Memorien liburuaren aurkezpenak eta argazki erakusketa batek zabalduko dute bihar, musika arloan igandean Oskorri euskal talde famatuaren emanaldia gailur izango duen urteroko ekimen honen edizio berria. Euzko Etxea antolatzaile eta Euskadiren Txileko Ordezkaritza lankide, laguntzaileen artean zenbait enpresa euskal-txiletar dauzka Euskal Asteak.

Santiago, Txile. Ekitaldiei bihar asteartea ekingo zaie, hiriburuko Euzko Etxean arratsaldeko zazpi t'erdietan egingo den inaugurazio ofizialarekin, ondoren omenaldia egingo zaiolarik Gernikako Arbolari eta Hiru Memorien Liburua aurkeztuko delarik, zortzi t'erdietan Argazki Erakusketaren inaugurazioa gauzatzeko. Asteazkenean, leku berean eta zazpi t'erdietan Canal Vascoren Jaurtialdiaren dvd-a proiektatuko da eta, ondotik, euskal laburmetraien selekzio bat.

Ostegunean, urriaren 30ean, pilota txapelketa egingo da Euzko Etxea-ko kantxan, finaletara pasatuko diren pilotariak galbahetzeko. Ordu berean, gauza bera egingo da mus txapelketari dagokionez. Ostiralean, arratsaldeko zortzi t'erdietan, musika eta dantza emanaldi bat eskainiko da goiko aretoan, besteak beste Santiagoko Eusko Abesbatza, Euzko Etxea-ko dantza taldea, eta folklore txiletarra aurkeztuz, hala nola Txileko Iparralde Handiko kantu eta dantzak, 'Codachi' (Corporación Danzas de Chile) taldea eta beste zenbait partaidetza.

Oskorriren kontzertua

Larunbatean, eta ia gainerako ekitaldi guztiak bezala Euzko Etxean, arratsaldeko lauretan Euskal Astea Mus Txapelketako finalak; zortzi t'erdietan, Gazteriaren Eguna eta 'Akelarre' delakoa hitzordua: honen barnean kultur ekitaldiak; euskara, dantza, sukaldaritza tailerrak; jokoak eta 'geure erroetara hurbiltzeko beste hamaika aktibitate'. Igandean, azkenik, goizeko hamaiketan pilota txapelketako finalak eta, azkenik, Asteko azken hitzordu gisa, iluntzeko zazpietan Txileko Unibertsitate Katolikoko Juan Francisco Fresno aretoan, Oskorri bandaren emanaldia.

Oskorriren kontzerturako sarrerak aldez aurretik Euzko Etxean (Santiagoko Avda. Vicuña MacKenna 547 helbidean) edo telefonoz 2223173 zenbakira deituta erreserbatzea aholkatzen da, eserleku kopurua mugatua baita. Euskal Astea Santiagoko Euzko Etxeak antolatua da, Euskadiren Txileko Ordezkaritza lankide, eta laguntzaile Txileko Unibertsitate Katolikoa eta zenbait euskal-txiletar enpresa, hala nola Urbia, Ulma, Kaiku eta Sande.

Lotura interesgarriak

Santiagoko Euzko Etxea
www.euzkoetxeachile.cl



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia