Espainiar estatuko iparraldeko musika ekarriko du bihar eta etzi Mallorcara Artea Euskal Etxeak, Trobada de Músiques del Nord jaialdiaren aurreneko edizioan. Bizkaitik, Dangiliske folk taldeak parte hartuko du eta eurekin batera Talamh talde zeltiarra eta Anaquiños gaita galiziar taldea ariko dira. Horrez gain, txalaparta, euskal dantzak eta euskal gastronomia dastatzeko aukera ere izango da.
Palma, Mallorca. Mallorcako Artea Euskal Etxeak (Espainiar estatuko) iparraldeko musikari eskainitako jaialdia egingo du bihar eta etzi. Jaialdia ostiralean hasiko da, 19:00tan, Portocolomeko Sant Jaume plazan. Han kontzertua eskainiko dute honako taldeek: Dangiliske (euskal musika eta dantzak), Talamh talde zeltiarrak eta Anaquiños gaita galiziar taldeak. "Taldeez gain txalaparta ere eramango dugu, interes handia pizten du eta", azaldu dio EuskalKultura.com-i Manoli Kortak euskal etxeko euskara irakasleak.
Larunbatean jaialdia Palmako Parc de ses Estacions-en egingo da, 19:00etatik aurrera. Han, taldeek berriz ere kontzertua emango dute. Horraz gain, euskal etxeak txozna bat jarriko du eta euskal edariak eta pintxoak jarriko ditu salgai.
Bestalde, Mallorcako euskal etxean hasia da dagoeneko ikasturte berria eta abian dira euskara eta txalaparta klaseak. Datorren astean, aldiz, dantza klaseak hasiko dira. Datozen hilabeteei begira, azaroan ardo dastaketa antolatzen ari da elkartea, iaz bezala, Anima Negra celler-ean. Abenduan, euskal etxeak "Trobades de les Cases Regionales" topaketan hartuko du parte, "Lan handia eskatzen badu ere, aukera ona izaten da elkartea ezagutarazteko, aparteko erakuslehioa baita", agertu du Kortak.
Informazio gehiago, Mallorcako Euskal Etxearen Facebook orrian,
hemen.