euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bihar hasiko da Liman "Mercomus 2017" mus txapelketako programa, igandean Korrikarekin bukatzeko

2017/04/04

Mercomusen aurreko edizio bat, Montevideon, bertako Euskaro Euskal Etxeak ehun urte bete zituen urtean (artxiboko irudia)
Mercomusen aurreko edizio bat, Montevideon, bertako Euskaro Euskal Etxeak ehun urte bete zituen urtean (artxiboko irudia)

PUBLIZITATEA

Aste lanpetu samarra izango dute honakoa Limako Euskal Etxekoek, bihartik aurrera eta iganderaino Mercomus 2017 mus txapelketako anfitrioi izango baitira Hego Amerikako bost herrialde partaide. 14 bikote izango dira lehiakide, Argentina, Txile, Venezuela, Uruguai eta Perukoak. Berez partidak larunbatean bukatuko badira ere, egitarauak igandea ere bilduko du, egun horretan ospatuko baitute Liman Korrika, "tipi-tapa, hemen ere bizi, alai eta zinez euskaltzale", adierazi digute antolatzaileek (ikus bideoa!).

Lima, Perú. Bere hamargarren ediziora iritsiko da aurten Mercomus mus txapelketa, iazko edizioa Txileko Santiagon eginik, aurrekoa Montevideon eta honela herrialde partaideetan, aurreko urtean txapeldun geratutako bikotearen jatorriaren arabera. Aurtengoan, 14 izango dira bikote partaideak Argentina (3), Txile (3), Venezuela (1), Uruguai (3) eta Peru bertatik (4) etorriak.

Aurtengoan ere aipatu bost herrialdeak izan badira lehiakide, antolatzaileek argi adierazi diote EuskalKultura.com-i, "beste herrialde batzuk ere parte hartzea" gustatuko litzaiekela, hala nola Mexiko, Kolonbia, Bolivia... edo besterik, gauza ona bailitzateke, muslarien arteko harremana sustatzeko eta lehia ere gehiago suspertzeko.

Limako Euskal Etxeko gazte eta ez gazteek Korrika 20an parte hartzera gonbidatuz eginiko bideo-deia (ikusi! Merezi du!). Tipi-tapa euskararen aldeko aldarrikapenean Liman ere ibiliko den lasterketa datorren igandean garatuko da bertako kaleetan

Hona aste osoko egitaraua Liman:

MERCOMUS 2017 MUS TXAPELKETA. Apirilaren 5etik 9ra. Kima, Perú

Asteazkena, 2017ko apirilaren 5a

Garraioa Jorge Chávez Aireportutik Miraflores-eko hotelera

-20.30etan: Harrera ordezkaritzei Limako Euskal Etxean (Malecón de la Reserva N° 297), partaideen izen-ematea
Muslarien eta delegatuen aurkezpena
Zintzur bustitzea

Osteguna, 2017ko apirilaren 6a

-09:00etan: delegatuen bilkura
-10:00etan: mus partidak
laguntzaileak, paseoa Lima hirian barrena 
-14.00etan: bazkaria
-16.00etan: mus partidak
laguntzaileak: arratsaldea libre
-21.00etan: Afaria Limako Euskal Etxean

Ostirala, 2017ko apirilaren 7a

-10.00etan: mus partidak
laguntzaileak, bisita museoetara eta bestelako interes lekuetara
-14:00etan: bazkaria
-16:00etan, mus partidak
laguntzaileak, bisita Jockey Plaza-ra
-20:00etan: Afaria, Limako Estropada Klubean

Larunbata, 2017ko apirilaren 8a

-10.00etan: mus partidak
laguntzaileak libre 13:00etaraino
-13:00etan: landa estiloko bazkaria
-18:00etan: mus partidak (egon daitezkeen parekatzeak desegitea)
-22:00etan: garaikurren banaketa
Azken Afaria Euskal Etxearen egoitzan

Igandea, 2017ko apirilaren 9a

Hala dagokienei, itzulera Chavez nazioarteko aireportutik

Limako Korrikan parte hartzea, muslariei eta muslari ez direnei eginiko gonbitea. Xehetasunak, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia