euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bihar hasiko da Korrika 17 Trebiñun; Diasporan Sydney, Txileko Santiago eta San Frantziskora ere helduko da

2011/04/06

Txileko Santiagoko euskaldunak Korrika 15 ospatu zutenean 2007an
Txileko Santiagoko euskaldunak Korrika 15 ospatu zutenean 2007an

PUBLIZITATEA

Korrika, AEK euskaltegien koordinadorak antolatzen duen euskararen aldeko lasterketa erraldoia, bihar abiatuko da Trebiñutik. Lasterketak gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. Hamaika egunetan Euskal Herri osoan zehar ibiliko da, gauez eta egunez, gelditu gabe, eta apirilaren 17an bukatuko da Donostian. Baina, Euskal Herrian bakarrik ez, Diasporan ere ibiliko da Korrika 17, euskal etxeei esker. Sydney-n adibidez, lehen aldiz antolatu dute lasterketa aurten. Beste hitzorduak dira Txileko Santiago, San Frantzisko, New York, Madril, Bartzelona, Mexiko, Londres, Boise... Badago non aukeratu!

Donostia-San Sebastián. Dena gertu dago Trebiñun Korrika 17 abiarazteko bihar, txalapartaren doinuek eta Argantzungo abesbatzak lagunduta. Hasiera ekitaldia Trebiñuko herriko plazan izango da, AEK-k jakinarazi duenez, arratsaldeko bostetatik aurrera. Ordu erdi beranduago omenaldia egingo diote Korrikari, Manex Agirre Arabako Bertsolari Txapelkedunaren bertsoekin eta aurresku batekin. Arratsaldeko zazpietan hasita, kontzertuak izango dira, Aske, Herrikada, Gose eta Betagarri taldeen eskutik. Trebiñoko Gutxisolo Euskara Elkartekoak eramango du lasterketaren lekukoa lehen kilometroan; ondoren, 11 egun luzez, Euskal Herri osoan zehar ibiliko da lekukoa.

Diasporan ere izango da lasterketarik egun hauetan. Aurreko artikuluan eman dugu hainbat hitzorduen berri (ikus Agendan). Azken orduetan beste ekitaldi batzuen berri jaso dugu; horien artean aipagarria da Australian, Sydney-n egingo dutena, lasterketa antolatzen duten lehen aldia izango baita.

Australiaraino Korrika

Australian, Sydney-ko Gure Txokoa elkarteak, aurten lehen aldiz, Korrika antolatzeko erabakia hartu du. Lasterketak munduko beste euskal etxeetan sortzen duen giro bikaina ikusi dute antza, eta etxean bizitzeko irrikaz dira.

Sydney-ko Korrika 17 igande honetan, apirilaren 10ean abiatuko da, Opera House eraikin mitikotik. Parte hartu nahi duenak Circular Quay-ko tren geltokian egon beharko du, goizeko hamarretan. Sydneyko korrikalariekin bat egin nahi duenak, edo informazio gehiago jaso nahi duenak, e-maila idatz dezake hona.

Txileko Santiagon ere

Santiagon ezaguna dute Korrika, baina aurreko edizioan (2009an) ezin izan zuten ezer antolatu. Aurten, ordainetan, sekula baino gogotsuago datoz Santiagoko euskaltzaleak. Txileko lau unibertsitatetan Euskara eta Euskal Kultura irakurle den Olatz barakaldoarrak eman digu lasterketaren nondik-norakoen berri. "Ez da lehen aldia Txilek, Santiagok kasurako, Korrika lasterketaren oihu eta algarak bere egiten dituena, izan ere, duela urte batzuk Korrika sinbolikoa antolatu zuten garai hartan bizi ziren kide euskaldunek, Santiagoko bizilagunekin batera", dio Olatzek.

Santiagoko euskaltzaleek "lekukoari heldu nahi izan diote berriro", eta larunbat honetan, apirilaren 9an, egingo dute Korrika 17ren omenezko ekitaldia. Berezia izango da gainera. Aurtengo Korrikaren kantaren “lipdub” bat egingo dute santiagotarrek. Hitzordua Arma plazan izango da, eta bertara bilduko dira "unibertsitateko euskara eta euskal kultura ikasleak, euskal etxeko bazkide eta lagunak, euskaldunak, txiletarrak, eusko-txiletarrak... funtsean, euskarari aupadatxoa edo kukua egin nahi dion jendea", diosku Olatzek.

Golden Gate erraldoiaren gerizpean

Kaliforniara ere helduko da Korrika, San Frantsizkora zehazki, apirilaren 16ean. Inguruetako euskaldunek hitzordua egina dute goizeko hamarrak aldera Golden Gate Park-eko Spedway Meadow-en. Bertatik abiatuko da lasterketa. Ondotik, hamabiak aldera, korrikalariek bazkari batekin indarrak berreskuratuko dituzte eta arratsaldean jokoak eta sari banaketa egingo dituzte. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, bidali e-maila Izaskun Kortazarri (NABOren Euskara koordinatzailea da bera), helbide honetara, edo deitu 1-208-891-2679 telefonora.

San Frantziskoko Korrikaren aurreko edizioaren bideo bat:



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia