euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bihar irekiko ditu ateak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 47. edizioak

2012/12/05

Mattin Etchamendiren memoriak, "Urruneko Mendebalean Artzain", salgai izango dira azokan Maiatz argitaletxearen standean
Mattin Etchamendiren memoriak, "Urruneko Mendebalean Artzain", salgai izango dira azokan Maiatz argitaletxearen standean

PUBLIZITATEA

Hotza dabil kalean, bai termometroei dagokionez eta baita ere euskal kultura munduaz ari garela, murrizketak direla eta. Horiei aurre egiteko ahaleginean, urtero legez Durangoko Azokaren berotasunera bilduko dira euskal idazle, musikari, editore, argitaletxe, diskoetxe eta euskaltzale asko eta asko, bihartik hasi eta datorren igandea bitartean. Aurten ere Diasporak bere lekutxoa izango du bertan, adibidez, Maiatz argitaletxeak plazaratu duen "Urruneko Mendebaldean Artzain" liburua.

Durango, Bizkaia. Dena prest dago Durango aldean, bihar goizean goiztik Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 47. edizioari ekiteko. Krisiari eta kultura jasaten ari den eraso eta murrizketei aurre eginez, inoiz baino egitaraurik zabalena aurkeztu du aurten azokak: 253 erakusmahai, 400 nobedade pasatxo eta 300 ekitalditik gora. Ikusi beharko bisitarien erantzuna, baina urtero legez euskaltzale askok Gabonetako opariak azokan erosiko dituzte, kulturaren aldeko apustua eginez.

Azokan aurkeztuko diren lan berriak Nobedadeen Katalogoan aurkituko ditu irakurleak, baina guk Diasporarekin harremana duten bi lan azpimarratu nahi ditugu jarraian. Horietako bat da Iparraldeko Maiatz argitaletxeak aurten plazaratu duen "Urruneko Mendebalean Artzain" liburua. Bertan Mattin Etchamendik Ameriketan artzain bezala bizitakoak biltzen ditu, "biharko euskaldunek jakin zezaten nolatsukoa izan zen Amerika mendebaldera etorri ginen artzainen bizia. Ez bakarrik gure laneko moldeak, bainan emigrante batek sendi dezazken biziko aldamenek berekin ekartzen dituzten gora beherak...".

Buenos Airestik kantari

Beste nobedade aipagarri bat "Latinoamérica canta a Euskal Herria" diskoa da. Lan honek azken bi urtetan Buenos Aireseko Herriko Tabernatik pasatu diren musikariak edo Euskal Herriareki begirune duten musikariak biltzen ditu. Diskoa Argentinako Euskal Herriaren Lagunak elkarteak eta Askapenak argitaratu duten elkarlanaren emaitza da eta Jose Luis Mezo Bigarrena Algortako musikaria zena omentzen du. Diskoan agertzen diren bi kantu entzungai daude sarean: Rafael Amor argentinarraren Independencia eta Evelin Cornejo txiletarraren América sí.

Aipagarria da diskoaren 17. kantuko kantariak, Maite eta Arantza Aguirregomezcorta, Pasaian jaiotako “Gerrako umeak” direla. Gorabehera askoren ostean, Argentinara heldu ziren familiarekin batera eta bertan bizi dira. Hala ere, inoiz ez dituzte sustraiak ahaztu eta are gutxiago euren ama hizkuntzan abestea, eta horren lekuko izan ohi da Buenos Aireseko Herriko Taberna.

"Kantuz Euskaraz"

Azkenik, Diasporarekin zerikusi zuzenik ez duen disko bat baina Diasporako euskaldunek gogotsu hartuko dutena: Donostiako Ibaeta Abesbatzaren lehen lana, "Kantuz Euskaraz". Euskara hutsean abesten du koru honek eta aurreneko diskoan euskal musikagileen lan klasiko eta herrikoiak bildu ditu. Horien artean dira, besteak beste, "Txoria Txori", "Maite, maite, maitea", "Herribehera" (aurten azokako Argizaiola saria jasoko duen Benito Lertxundirena), "Xalbadorren heriotza", "Oi ama Euskal Herri goxua" eta "Txakolina" (Urko kantariarena, baina baina berak sekula grabatu ez duena). Diskoa Elkar argitaletxearen stand-ean egongo da salgai.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia