euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bihar hasiko da Bartzelonan Literaldiaren edizio berria, euskal literatura Kataluniara hurbiltzeko asmoarekin

2009/04/16

Aurtengo Literaldiaren afitxa
Aurtengo Literaldiaren afitxa

PUBLIZITATEA

Bartzelonako Euskal Etxeak urtero antolatzen duen literatur jaialdiak V. edizioa betetzen du eta beste behin ere Euskal Herriko gaur egungo literatura Kataluniara ekartzeko helburuarekin dator. Aurtengo Literaldia bihar bertan hasiko da, Kemen Lertxundi idazleak emango duen kontzertu poetiko musikalarekin. Ondotik, hilabete luze ekitaldiz beteta: Eider Rodriguez, Castillo Suarez, Leire Bilbao, Hedoi Etxarte eta Edorta Jimenez igaroko dira, besteak beste, euskal etxetik. Errezitaldi, irakurraldi eta musika emanaldiez gain euskal elkarteak lehiaketak, Bartzelonatik literatur irteerak eta bertso-afaria ere antolatu ditu.

Bartzelona, Katalunia. Euskal Herriko literatura berriena bihartik aurrera helduko da Bartzelonara, Euskal Etxeak antolatzen duen Literaldia jaialdiari esker. Bihar bertan abiatuko da V. edizioa den hau, Kemen Lertxundi poeta eta musikari ondarroarrak emango duen kontzertu poetiko-musikalarekin. 'Galdutako Zubixak', bere lehen diskoa, aurkeztuko du Euskal Etxean kontzertu akustikoan, 22:30tan.

Hurrengo hitzordua apirilaren 23an izango da Sant Jordi egunean. Kataluniarren patroiaren eguna eta Liburuaren Eguna uztartuz, Euskal Etxea Rambletan izango da, Literaldiaren berri emanez eta euskara eta euskal kulturari buruzko liburuak aurkeztuz. Apirilaren 24ean, ostiralean, 'Mugarri estaliak' izeneko saioa egingo da Euskal Etxean: Castillo Suarezen olerkietan oinarriturik, Koldo Arnantzek margoak egingo ditu eta Juan Miguel Arzellusek musika jarriko die. Erakusketa ikusgai geldituko da Euskal Etxean Literaldia bukatu artean.

Eider Rodriguezen Mina eta Haragia

Apirilaren 30an, ostegunean, Eider Rodriguez idazle gazteak 'Mina' izango du hizpide, hitz honen inguruan (minaren kontsumoaz, minaren beharraz, minaren funtzio katarkikoaz...) bi mintzaldi emango baititu: lehena Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) Letren Fakalutatean, 13:00tan, eta bigarrena Euskal Etxean 19:30tan. Hitzaldiok gazteleraz egingo ditu idazle oreretarrak. Hurrengo hitzorduak, maiatzaren 6an, Eider Rodriguez beraren lana izango du ardatz, Euskal Etxeko Irakurle Kluba idazlearen bere 'Haragia' lana aztertzeko bilduko baita. Katalanez.

Maiatzak 8an jokoen ordua helduko da, Mihiluze ETBko programan oinarrituriko lehiaketa egingo delako Euskal Etxean. Bartzelona osoko euskara ikasleak bilduko dira bertara eta programako frogak gainditu beharko dituzte saria eskuratzeko: mezuak deszifratu, bertsoak amaitu, galderei erantzun... 19.30tan hasiko da lehia, euskara hutsean. Hurrengo egunean, maiatzaren 9an bertso-afaria egingo da euskal elkartean, Hamaika Bertuta elkarteko bertsolariekin. Afariaren prezioa 14 eurotakoa izango da (bazkideak 10 euro).

Ruiz Zafonen arrastoen bila

Maiatzaren 13an, Victor Alexandre idazle kataluniarrak bere 'La paraula contra el mur', (Hitza hormaren kontra) liburuaren aurkezpena egingo du. Euskal Etxean izango da, 19.30tan eta katalanez. Maiatzaren 15ean, aldiz, Ipuin eta Bakarrizketa Gaua egingo da Euskal Etxean, 22:30tan, euskaraz eta katalanez. Hurrengo egunean, maiatzaren 16ean, elkarteko kideek Bartzelonako karriketan barrena irteera gidatuko dute, Carlos Ruiz Zafon idazlearen 'La sombra del viento' liburuan agertzen diren lekuak bisitatuz: Santa Anna, els 4 Gats, Ateneoa, judutarren Call-a, Montcada kalea... Irteera Plaça Catalunyan, 10.30etan egingo da. Bidean azalpenak katalanez emango dituzte. 

Maiatzaren 20ean, asteazkena 1936ko guda eta euskal literaturari buruzko hitzaldia emango du Euskal Etxean Edorta Jimenez idazleak, gazteleraz, 19.30tan hasita. Maiatzaren 22an, Leire Bilbao eta Castillo Suarez idazleak izango dira protagonista, Euskal Etxean emango duten olerki errezitaldiarekin. Eta bukatzeko, maiatzaren 23an, larunbatean, kontzertu poetikoa eskainiko dute Hedoi Etxarte idazleak eta Andoni Arcilla musikariak Bartzelonako kaleetan, Passeig del Born pasealeku ezagunean, 18.00etan. Emanaldiaren oinarria Etxarteren poesia izango da eta jazzak, gospelak eta ragtime-ak ukitu berezia emango diote. Hedoi berak ere bibolina jotzen parte hartuko du. 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia