euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Xamarren ‘Euskara Jendea’ liburuan oinarritutako dokumentala bihar estreinatuko du ETBk

2013/10/29

Dokumentalean zehar dramatizazioak eskaintzen dira euskararen historia ezagutarazteko (argazkia Euskara Jendea)
Dokumentalean zehar dramatizazioak eskaintzen dira euskararen historia ezagutarazteko (argazkia Euskara Jendea)

PUBLIZITATEA

EuskalKultura.com-en otsailean iragarri genuen legez, ‘Euskara Jendea’ dokumentala osatzen duten sei atalak urriaren 10etik 25era aurkeztu dira ofizialki Euskal Herrian. Juan Carlos Etxegoien 'Xamar'en lana telebistara ere iritsi da, beraz, eta estreinaldia bihar, asteazkena, izango da gaueko 10:15etan, Euskal Herriko ordutegian, ETB1en. ‘Euskara Jendea’ liburuan oinarrituta dagoen izen bereko ikus-entzunezko bertsioa Diasporatik ere ikusi ahal izango da, ETBren webgunetik hain zuzen.

Buenos Aires, Argentina. ‘Euskara Jendea’ liburuak arrakasta handia izan zuen Euskal Herrian, baina baita Diasporan ere eta Argentina bezalako herrialdeetako euskal komunitateetan, batez ere euskara eta euskal kultura ikasten eta irakasten duten lagunen artean. Beraz, honi loturik, harrera ona baino hobea jaso zuen Atlantikoaren alde honetan liburua dokumental bihurtuko zutenaren berriak. Orain, eta EuskalKultura.com-ek urtearen hasieran aurreratu zuen bezala, prestatutako materiala aurkezteko prest dago eta telebista bidez zabalduko da Euskal Herrian, sei saiotan.

Liburuaren idazleak berak esan duenez, “lana euskaldunon hiztun komunitatearen historiaren ildo nagusiak azaltzen saiatzen da. Historiaurretik abiatuta gaurdaino, euskaldunak herri, kultura eta hizkuntza askorekin bizi izan dira beren hizkuntza galdu gabe. Menderik mende eragin nabarmena jaso dute baina, hala ere, iraun egin dute hiztun komunitate moduan". Aipatutako prozesua, honako atal hauetan garatzen da telebistarako: 1. Historiaren Atarian, 2. Erromako Inperioan, 3. Aniztasunaren Bidean, 4. Mugetan Gaindi, 5. Gerren arteko pizkundean, eta 6. Mundua osatzen.

Dokumentalaren DVDak erosteko, jo Euskarajendea.com webgunera edo idatzi e-maila info@euskarajendea.com helbidera. 

['Euskara jendea' dokumentalaren telebista iragarkia]

Telebistako proiekzioa, beraz 1. Historiaren Atarian izenburuko lehenengo atalaren emanaldiarekin hasiko da bihar, oraingoz euskarazko bertsioarekin soilik, ETB1en. Diasporako lagunek, eta Euskal Herritik kanpo ikusi nahi duten guztiek ere aukera ere izango dute,  ‘Euskara Jendea’ren kapituluak ikusgai egongo baitira www.eitb.com webguneko ‘Bideoak’ atalean.

Kontuan behar da hartu kapitulu bakoitza astebetez egongo dela ikusgai, hau da, atal bakoitzaren linka zazpi egunez egongo da sarean, hurrengo atala telebistan eman arte alegia. Aukera ederra, material hau ikusteko, eta ondoko lagun euskaltzaleei ikusteko gonbitea luzatzeko. Zabaldu ezazu berria.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia