Buenos Aires, Argentina. Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azoka apirilaren 25etik maiatzaren 13ra arte luzatuko da aurten. Urtero bezala hiriburuko Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioak hartu du bere gain euskal gizataldea ordezkatzeko ardura eta horretarako bere standa muntatuko du, pabilioi horiko 2123. zenbakian. Standean erosteko zein kontsultatzeko liburuak eskainiko dira, eta euskal oroigarriak egongo dira eskuragai. Euskal Herriari buruzko bideoak ere proiektatuko dira, euskal jatorriko abizenei buruzko galderak erantzungo eta bertan liburuak salgai dituzten idazle batzuek euren lanen aleak sinatuko dituzte.
Fundazioak, bestalde, maiatzaren 7an egingo du bere lan berri eta nobedadeen aurkezpena, arratsaldeko 6:30etan Azokako Domingo Faustino Sarmiento Aretoan, Diego Maria Ibarbia buru. Jorge Beramendik “Los Vascos” (hiruhilabetekaria) eta 2018ko “Los Vascos en la Argentina” urtekaria aurkeztuko ditu eta euskarari, bere jatorri eta ezaugarriei buruzko hitzaldia eskainiko.
Aipatzekoa, Azoka ofizialki ostegunean, 25ean, inauguratuko bada ere, asteartetik aurrera zabalik dagoela argitaldarientzat eta argitaletxe arloko adituentzat, jarduera jakinekin, eta euskal standa ere zabalik dagoela bisitatu nahi duten profesionalentzat.