euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bihar egingo du bere urteroko Euskal Jaia Mountain Home-ko EEak; iragan astean Julian Celaya izan zuen bisitari

2009/08/07

Jaurlaritza ordezkaritza eta euskal komunitateko buruzagiak Mountain Home-ko 'Basque Park' edo euskal Parkean, atzean euskal murala eta eskuinean pilotalekuaren zatitxo bat ikusten dela (argazkia MountainHomeNews)
Jaurlaritza ordezkaritza eta euskal komunitateko buruzagiak Mountain Home-ko 'Basque Park' edo euskal Parkean, atzean euskal murala eta eskuinean pilotalekuaren zatitxo bat ikusten dela (argazkia MountainHomeNews)

PUBLIZITATEA

Mountain Home-ko Euskal Etxeak --'Euskal Lagunak Elmore County Basque Association'-- bihar egingo du bere urteroko Euskal Jaia. Ohi bezala, herriko 'Basque Park' edo Euskal Parkean izango da, aire libreko eremu egokia baita, bere euskal pilotaleku historiko berritua, euskaldunek bertan utzitako markaren ohorezko monumentua, berdeguneak eta gainerako instalazioak tarteko; baita ere, ahaztu gabe, garai batean herriaren ikurra izan zen eta datorren urtean 100 urte beteko dituen Bengoechea Hotelaren eraikina. Herriak, bestalde, Julian Celaya Jaurlaritzako Diasporarako zuzendari berriaren bisita izan zuen joan den astean, bertako euskal komunitatearen harrera ekitaldia eta guzti.

Mountain Home, ID, Estatu Batuak. Mountain Home-ra egin zuen bisitan Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria bere departamenduko Benan Oregi eta Andoni Martin teknikariak lagun iritsi zen. Julian Celayak AEBtako Mendebaldeko zenbait euskal etxe eta komunitate bisitatu ditu joan den astean Kalifornia, Nevada eta Idahon, kargura duela hilabete eskas iritsi eta gero egin duen lehenengo bisita ofizialean.

Joe Lasuen, Mountain Home-ko EEko ordezkari; eta Richard Urquidi bertako Udaleko zinegotzia eta aldi berean euskal komunitateko kide aktibo, izan zituen gidari joan den asteko asteazkenean aipatu euskal ordezkaritzak Mountain Home-ko euskal presentziaren lekuko diren tokiak bisitatzerakoan, tartean 1910ean eraikitako Bengoechea Hotela eta, honen ondoan, Euskal Etxearen eraikina. Celaya mintzatu zen, besteak beste, Goizalde Jausoro euskara irakaslearekin eta John Bideganeta bertako euskal komunitateko kidearekin; herriko alkatea ere, Tom Rist, agurtzera etorri zitzaion. Bertako euskal berri hartu ondoren, harrera ekitaldia abegikorra eskaini zion Mountain Home-ko euskal gizataldeak. Bertakoak egin ondoren, Celaya buru zuen ordezkaritza Gooding aldera abiatu zen, beste herri honetako euskal etxearen eraikinera hain zuzen, eta ondoren Boisera, batean zein bestean hango eta hemengo euskal kolektibitateekin biltzera.

Celayaren bisita joan den astean izan zen, baina aste honetan Mountain Homeko urteroko Euskal Jaia bere 49. ediziora iritsiko da bihar, larunbata, honako egitarauarekin:

-5:30etan: Haurrentzako jokoak
-6:30etan: Helduen erakustaldiak
-7:30etan: Bertako 'Etxeko Gazteak' dantzariak
-8:00etan: Boiseko Oinkari dantzariak
-9:ooetan: Berbena/bala/dantzaldia, Boiseko 'Amuma says no' taldearekin



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia