Donostia-San Sebastian. Duela bi aste, maiatzaren 28an, Ecos de dos guerras, 1936-1945 izeneko foroa inauguratu genuen gure blogen gaztelaniazko sailean. Euskal historia ikertzen duen Sancho de Beurko Elkartearen eskutik, bi gerrate horien inguruan gertatutako euskal pasadizo eta ixtorio ezezagunak azaleratu eta zabaltzeko asmoz. Beti ere, Bigarren Mundu Gerran euskaldunek izandako partaidetza --bereziki kasu honetan AEBko diasporakoen eskutik heldutakoa-- ardatz eta Espainiako Gerra Zibileko Euskal Frentean gertatutako pasadizoak ere tartekatuz.
Bloga estreinatu zuen lehenengo artikuluan Federico Claveria, altsasuar baten seme zen marinea, eta gerra korrespentsal gisa izan zuen partaidetza azaleratu ondotik, bihar argitaratuko dugun bigarren artikuluan Europara mugituko gara, eta Gernika Batailoia eta Point de Graveko Frentean, Frantzian, gertatutako pasadizo bat aurkeztuko dugu "Bi desertore aleman, gudari artean" izenburu duen testuarekin.
Gogora dezagun Ecos de dos guerras, 1936-1945 blogeko edukia Sancho de Beurko Elkarteko ikertzaileei zor zaiela, hala nola Pedro J. Oiarzabal diasporen eta euskal diasporaren ikertzaileari, eta bere ikertzailekide Guillermo Tabernilla eta Josu M. Aguirregabiriari.