euskal diaspora eta kultura
2011/07/28
PUBLIZITATEA
Trenque Lauquen, Argentina. Etzi bukatuko da Euskara Munduan programaren 2011ko neguko barnetegia Trenque Lauquen-en. 'Euskal Sustraiak' Euskal Etxea izan da barnetegiaren antolatzailea eta elkarteak itxiera ekitaldi batekin eta Argentinan hain ezaguna den 'asado' batekin agurtuko ditu bertan aritu diren 32 ikasleak. Argentina, Uruguai, Txile eta Brasilgoak izan dira ikasleak eta astebetez egon dira barnetegian, euskara ikasten eta euskal etxeetan irakasle lanean aritzeko trebatzen.
"Talde hau 2008ko martxoan hasi zen euskara urrutitik ikasten. 2007ko Euskal Gizataldeen Mundu Mailako kongresoan aurkeztu zitzaien 4 urteko trebakuntza plana. Hori horrela, fase hau ia amaitzear dago eta 2011ko azaroan ospatuko den V Kongresoan proposatuko zaie hurrengo lau urteetarakoa", azaldu dio EuskalKultura.com-i Euskara Munduan programaren koordinatzaileak, Kinku Zinkunegik.
HABEren frogak Argentinan
Taldekide guztiak elkarrekin hasi ziren trebakuntza prozesu honetan, eta lau urte hauetan eginiko aurrerapenen arabera talde desberdinetan banatuta daude egun, bakoitza dagokion mailan eroso aritzeko. Barnetegi honetan hiru taldetan banatu dira ikasleak: 1An mailarik baxuena dutenak, 1B taldearen gehiengoa eta 1 mailaren bukaeran aurreratuenak.
Azken talde honetara bildu dituzte bere garaian prozesua amaitu zuten hainbat irakasle; izan ere, azterketa berezi bat prestatzen aritu dira: 2012an Argentinan HABEren mailaketa frogetan parte hartzeko aukera emango zaie eta horrela agiri ofizialak lortzekoa. "Honek, benetan, aurrerapauso nabarmena suposatuko du, izan ere, lehenengo aldia izango da Europatik kanpo mailaketa frogak egingo direna", azpimarratu du Zinkunegik.
Ikasleak orain irakasle
Azpimarragarria da ere bi taldetan irakasle ari direnak argentinarrak direla. Sabrina Otegui eta Gabriel Arce 2004an hasi ziren ikasle moduan ikasten eta 2008ko ekainean EGA agiria lortu zuten biek. "Orain, Sabrina eta Gabriel eredu ezinhobea bihurtu dira parte-hartzaile guztientzat. Sentsibilitate berezia dute ikasleen lekuan jartzeko, hortik pasatuak baitira biak", adierazio dio EuskalKultura.com-i Zinkunegik.
Irakasle taldea osatzeko Justi Vigara, Donostiako Urumea euskaltegiko irakaslea, eta Kinku Zinkunegi, Euskara Munduan programaren koordinatzailea, izan dira Trenque Lauquenen. Eta antolaketa eta administrazio lanetan Gabi Mendia, FEVA-Euskarako idazkaria. Eskolak Trenque Lauquen-eko Unibertsitate teknikoan eman dituzte. "Eskertu behar diogu bertako Euskal Sustraiak euskal etxeari egin duen lana, baldintza ezin hobeak eskainiz, eta egin diguten harrera, etxean bezain eroso senti araziz", adierazi du Zinkunegik.
Txilera eta Uruguaira
Barnetegia bukatuta Zinkunegik bere bidaia jarraituko du, lehenengo Txilera eta ondoren Uruguaira. Txilen Santiagoko eta Valparaisoko euskal etxeetako arduradunekin bilduko da, eta Uruguain FIVU eta Euskal Erriakoekin. Bileren xedea irakasleen trebakuntza prozesuaren jarraipen txostenak aztertzea, diru-laguntza eskari eta zuriketak eta, batez ere, Euskara Munduan 2012/15erako proposamen eta eskariak jaso eta bereziki 2012rako plana adostea da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus