Donostia-San Sebastián. “Elkartasuna indarra da, izan hau beti gogoan” mezuarekin dator Koldo Ordozgoiti kazetariaren eskutik Buenos Airesko Ekin Euskal Argitaletxe historikoak plazaratuta bihar Tolosan aurkeztuko den liburua. "La odisea de Xabiertxo: el último paquebote" Europa eta Ameriketako euskaldunen istorio bat da, bizi izan zutenen testigantzaz, dokumentazio eta oroitzapenen bitartez josia.
Koldo Ordozgoitiren liburu honek Groix pailebotean 43 bidaidek, errefuxiatuak eta hauetako gehienak euskal herritarrak, bizi izan zuten odisea kontatzen du. 1940ko ekainaren 12an itsasoratu ziren Bordeletik Buenos Aireserako bidean, Frantzia nazien esku erori bezperatan. Hamabost eguneko bidaia izan behar zuena zazpi hilabete luze iraun zuen abentura bilakatu zen. Bidaian gertaera latzak bizi izan zituzten, bonbardaketak, urpekontzien torpedeoak eta ez zen gutxiena izan, Casablancan ez aurrera eta ez atzera, Francoren eskuetan erortzeko beldurrarekin, pasa izan zituzten 149 egunak.
Beharrak eraginda eta elkartasunak batuta, errefuxiatu talde anitza izan zen hura. Neurri handi batean, familien migrazio bat zen, 35 lagun 11 familietako kide eta bidaideen bi herenak emakumeak eta umeak ziren; 76 urtetatik 14 hilabeteetara tarteko pertsonak. Bidaideen artean kultura -Aita Migel Altzo- eta politikako pertsonalitateak, hala nola Jesus Artola, Gipuzkoako gobernadore zibila zena gerra hasi zenean edo denbora berean Valentziako militar burua zen Fernando Martinez-Monje Restoy generala; bi diputatu sozialista zihoazen, Tomas Alvarez Angulo eta Manuel Cordero Perez; Manuel Irujoren ama, arreba eta bi ilobak edo Ixaka Lopez Mendizabalen emaztea eta hiru seme-alabak; eta hauekin batera funtzionario, gudari eta Errepublikako marina eta armadaren kide ohiak.
Amerika eta Europako euskaldunen istorio bat da, Euskadi eta Argentina estu uztarturik azaltzen zaizkigu. Ageri agerian geratzen da Argentinako “Comité Pro Inmigración Vasca” elkarteak eta Agirre Lehendakariaren Eusko Jaurlaritzak -oro har- eta bereziki Buenos Airesko Jaurlaritzaren Delegazioak, aro zail hartan erbesteratutako euskaldunei ihesbidea eta irteera bat emateko egin zuten ahalegina.
Bidaiak amaiera ona izan zezan egindako negoziazioak eta hartu emanak kontatzen dizkigu liburuak. Eta honetan, 1940an, II. Mundu Gerra gordinenean zen unean, euskal herritarrei Argentinan sartzeko atea zabaldu zien Ortiz Presidentearen “Euskal Immigrazioaren aldeko Dekretuak” jokatu zuen paper garrantzitsua azaltzen digu. Gisa horretan sartu baitziren bidaide haiek guztiak Argentinan, nahiz batzuk euskal herritarrak ez izan.
Eta horrekin batera, euskal haur liburu nagusienetako dugun Ixaka Lopez Mendizabalek idatzi eta Txiki Zabalok irudia eman zion Xabiertxo ume-entziklopedia txikiaren joan etorria kontatzen digu eta horretan oinarrituta, euskal kulturaren bilakaera gerra ostean eta frankismo garaian eta bilakaera horretan Argentinak eta han sortutako Ekin Euskal Argitaletxea bezalako erakundeek euskal kulturaren jarraipen eta garapenerako jokatu duten paper garrantzitsua erakusten digu. Euskal Pizkundeak Ameriketara salto egin zuela Euskaditik irten beharrean izan ziren denbora hartan da liburuaren tesia. Hots, Ixaka Lopez Mendizabalek eta Andres Irujok sortu zuten Ekin Euskal Argitaletxea eragin horren emaitza bikain bat dela.
Koldo Ordozgoitiren "La odisea de Xabiertxo: el último paquebote" bihar asteazkena, ekainaren 8an, aurkeztuko da Tolosako Udaletxeko Bilkura Areto Nagusian.