euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bihar arte eman daiteke izena Cañuelasen burutuko den FEVAren 2014ko 1. Tailerrean parte hartzeko

2014/05/26

FEVAren 2013ko Sukaldaritza Tailerra (argazkia FEVA)
FEVAren 2013ko Sukaldaritza Tailerra (argazkia FEVA)

PUBLIZITATEA

Zuzendaritza Batzordea berritu berria, urtean zehar garatuko dituen tailerren zerrenda kaleratu du Euskal Argentinar Erakundeen Federazioak (FEVA). Baliabideak optimizatze aldera, elkarretaratze bakoitzean bost tailer eskainiko dira, tartean dantza, musika, buruzagien trebakuntza, pilota eta sukaldaritzaz, hain zuzen. Lehenengo hitzordua datorren asteburuan izango da, Cañuelasen, eta parte hartzeko izena emateko epea bihar, maiatzaren 27an, bukatuko da. Hurrengoak, berriz, abuztuan eta irailean izango dira Villa Marian eta Macachinen hurrenez hurren.

Buenos Aires, Argentina. FEVAren babesarekin, Buenos Aires probintziako Cañuelas hirian burutuko dira maiatzaren 31an eta ekainaren 1ean Federazioaren aurtengo lehenengo tailerrak. Bertako Denak Bat euskal etxea antolatzaile, larunbat arratsaldeko ordu 2etan izango da partaideen harrera eta taldearen iristearekin batera, eskolak.

Elkarretaratze honen helburua, eta baliabideak hobeto aprobetxatzeko asmotan, aldi berean bost tailer eskaintzea da; gaiak hauexek izango dira: dantza, musika, buruzagien trebakuntza, pilota eta sukaldaritza.

Cañuelasko ekitaldian parte hartzeko, izena bihar arte –maiatzaren 27a– eman daiteke FEVAn. Euskal etxeek tailer guztietan edota batzuetan har dezakete parte eta tailer bakoitzera joango den partaide bakoitzaren datuak (izen-abizenak eta agiri zenbakia) eskuratu behar dizkiote FEVAri. Ostatua hiriko SMATA klubaren instalazioetan izango da eta otorduak euskal etxean. Ekintza igande eguerdian bukatuko da agur bazkariarekin.

Hurrengo tailerrei buruz, FEVAren azken batzorde bileran erabaki denaren arabera, eta “aurrekontuak merkeenei lehentasuna emanez eta gero eta eskualde gehiagotara iritsi nahian”, Villa Marian (abuztuaren 9 eta 10ean) eta Macachinen (irailaren 13 eta 14an) izango dira

Cañuelasen erabiliko den ereduri jarraituz, beste bi elkarretaratze hauetan ere eskainiko dira bost tailer aldi berean. Azpimarratu behar da elkarretaratze guztietan tailer eta gai zerrenda bera eskainiko dela, hori dela eta euskal etxeek erabaki behar dute zein den aukera onena bakar batera joateko. Gogora dezagun ostatua Federazioaren esku egongo dela eta bidaiaren gastuak berriz partaideena. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia