euskal diaspora eta kultura
2014/04/08
PUBLIZITATEA
Poznan, Polonia. Amaia Donés irakurlea buru, urtero legez buru belarri aritu dira Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitateko ikasleak aurtengo Euskal Egunak antolatzen. Jaialdia aurten hiru egunekoa izango da eta, ostirala bitartean, izango da zer ikusi eta zer gozatu Poznanen. Arduradunek agertu dutenez, jaiaren helburu nagusienetakoa unibertsitatetik kanpo euskal kultura ezagutaraztea da eta, horregatik, kanpo eragileekin harreman estuan antolatu dituzte jarduerak.
Esan bezala, jaialdia bihar abiatuko da, euskarari buruzko hitzaldi batekin, goizeko hamarretan. Donés bera eta Anna Szychowska izango dira hizlari. Ondoren, 17:00tan "Gazta zati bat" dokumentalaren emanaldia egingo da Muza Zineman (hiriko erreferentziazko zine-aretoa), ikasleek polonierara itzulitako azpitituluekin. Filmaren ostean, mahaingurua egingo da, Amaia Dones, Katarzyna Mingos eta Alfons Gregori adituekin.
Poloniarrak bertsotan
Etzi, Dragon klubarekin elkarlanean antolatutako jarduera ugari egingo dira: hitzaldiak, kultura eta bertsolaritzari buruzko eztabaidak, eta eguna amaitzeko, 19:00 euskal festa... poloniar bertsolariekin! Etzidamu, ostiralean, 18:00tan pintxo lehiaketa egingo da Pika Pika tabernan eta ondoren, nola ez, pintxo dastaketa. Ostean, Karawana Opowiesci ipuin kontalari taldearekin elkarlanean ipuin kontaketa saioa antolatu da. Eguna amaitzeko, euskal jaia egingo da Glosna klubarekin elkarlanean.
Horrez gain, Skad Bierzesz Bialko kolektibo beganoak prestatutako janaria, SuperMemo argitaletxearekin batera antolatutako euskal kulturari buruzko online lehiaketa, Fzientzia eta Artearen festibalaren baitan eskainiko den euskara eskola irekia eta Bal Folk Poznan taldearekin elkarlanean antolatutako dantza tailerra ere egingo dira.
Informazio gehiago jaialdiaren Facebook orrian, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus