euskal diaspora eta kultura
2012/10/25
PUBLIZITATEA
Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen EH Sona! jaialdiaren hamabosgarren edizioa bihar hasiko da, eta abenduaren 1era arte Euskal Herriko musika munduaren erakuslehio bihurtuko da. Hamabost taldek beste hainbeste estilo ekarriko dituzte Kataluniako hiriburura.
Doctor Deseo, Sociedad Alkoholika, We are Standard, Lisabö, Ama Say, Ruper Ordorika, Jabier Muguruza... igaroko dira bihartik aurrera Bartzelonatik besteak beste. Egitaraua zabala da; talde batzuk Euskal Herrian zein Katalunian ezagunak; eta beste zenbait oraindik hain ezagunak ez direnak, baina proposamen interesgarri eta originalak dakartzatenak (programa osoa, hemen).
“Kulturak murrizketak jasan behar dituen bitartean, guk talde, estilo, areto eta kontzertu gehiagoren aldeko apustua egin dugu”, agertu zuen jaialdiaren aurkezpenean Euskal Etxeko koordinatzaile Aitor Arrutik. Kontzertu batzuk Euskal Etxean egingo dira, eta beste batzuk hiriko hainbat guneetara zabalduko dira. Izan ere, jaialdiaren arduradunek azaldu zutenez "urteak dira jaialdia bai Bartzelonako panorama musikalean bai euskal zirkuitu musikaletan sendoturik dagoela".
Euskal Etxea, euskal musikaren plataforma
EH Sonaren esperientzia hori baliatuz, eta Euskal Etxean urtean zehar antolatzen diren ekitaldi mordoa kontuan hartuta --120 ekitaldi baino gehiago-- elkarteak pauso berri bat ematea erabaki du eta Bartzelonan eta Katalunian kontzertu-areto modura ariko da aurrerantzean. Era berean, elkarteak euskal musika programatu nahi duten ekoizle eta areto katalanei bertara jotzeko gonbitea luzatu die, talde eta proposamen berriak ezagutzera.
Jaialdiaren aurkezpenean izan zen ere, besteak beste, Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga eta Katalunia eta Euskal Herria lotzen dituen lotura berezia aipatu zuen, kulturalki hazten jarraitzeko eta bi herrien arteko erlazioak indartzeko deialdia ere egin zuelarik. Goenagak “Euskal Herrian Euskal Etxea moduko ekimenak klonatu beharko liratekeela” gaineratu zuen eta elkarteak eman duen kalitate saltoa nabarmendu zuen, “bazkideen eremu babestutik irtenez” eta hiri osora zabalduz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus