Hezkuntza lege argentinarraren eskakizunak betez, baina ikasleei ingelesa eta arte arloko gaiak proposatuz, eta euskal kulturara --tartean, esaterako, euskal dantzetara eta euskarara-- hurbiltzeko ahalegin berezi bat eginez sortu zen 2009an Necocheako Ikastola izena hartu zuen eskola, Buenos Aires probintzia hegoaldeko kosta herri honetan, bertako seme den Xabier Zubillaga euskal-argentinarra eragile. Bost urte eta gero, 2009an aurreneko ikasle sartu zirenek lehenengo zikloa bukatu dute eta zentroak eurekin bigarren zikloko ikasketak inauguratuko ditu 2014an. Proiektua aurrera jarraitzekotan da, beraz, baina datorren urtetik aurrera modu autonomoan, Zubillagaren partaidetzarik gabe.
Necochea, Argentina. Bost urte pasatu dira honezkero Xabier Zubillagak inaugurazio zerrenda moztu eta Ikastolako lehenengo ikasturtea inauguratu zuenetik. Urte emankorrak izan dira eta 2009an hasi ziren ikasleen kopurua (30 bat neska-mutil) bost aldiz biderkatu da geroztik, urtero maila berria emendatuz. Haurrek euskal erreferentzia hartzen duten eskola honen lorpenak ez dira, baina, kopuruetara mugatzen; izan ere, 2010ean instituzioko lau ikaslek beste hainbeste Sari Nazional jaso zituzten, Maiatzeko Iraultzaren Bigarren Mendeurrena zela eta antolatutako Arte Plastiko eta Literatura Lehiaketan.
[Gaur egun 160 bat ikaslek ikasten dute Necocheako Ikastolan (argazkiaEE)]
Euskal Herriaren eta Necocheako herritarren arteko loturak sendotu nahian ikastolako umeak –euskal jatorridunak izan ala ez– aukera ludikoa izan dute euskal kulturan murgiltzeko, besteak beste eskolara hurbildu diren Euskal Herriko irakasle eta bisitarien eskutik. Ikastolatik pasatu direnen zerrenda ez da batere laburra. Gasteizko Olabide Ikastolarekin sinatutako akordio bati esker, 2011an Ibon Portularrume irakasle donostiarra hiru hilabete aritu zen eskola-emaile. Esperientzia haren ondorioz, bi eskola-zentruetako ikasleek gutunak idatzi zizkioten elkarri Gabon garaian.
[Ikastolako neska-mutilak Pakea Bizkaia-ko lagunekin (argazkiaEE)]
2012an, bestalde, Pakea Bizkaia belaontziko eskifaiaren bisita jaso zuten; eta San Fermin Ikastola nafarreko ikasleek gonbidaturik, bideo bat prestatu zuten Nafarroa Oinez jaialdirako.
Urte berean, eta beti ere euskal kulturaren hedapenaren alde lan egiten jarraitzeko asmotan, bi hitzarmen gauzatu zituen Necocheako erakundeak: Necochea bertako Euzko Etxea-rekin lehenengoa, eta bigarrena Euskal Herrian, Mondragon Unibertsitatearekin. Euzko Etxearekiko akordioaren bitartez, euskal etxeko irakasle eta batzordekide den Maite Bilbaok euskara eta euskal kulturari buruzko klaseak hasi da ematen Ikastolan. Unibertsitatearekin sinatutako akordioaren baitan, ostera, haren baitango Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) hiru ikaslek irakasle praktikak burutu dituzte aurten Necochean. Aipatzekoa da, baita ere, unibertsitate honetako Uxue Etxebeste maisu alkizarrak ere jardun zuela Ikastolan baina kasu honetan bere kabuz egindako esperientzia batean.
Zubillaga epearen amaiera
Ikastolaren lehendabiziko promozioko ikasleen graduatzearekin batera, Ikastolaren sortzaile izan zen Xabier Zubillagaren kudeaketa aldia ere amaitu da. Necocheako euskaldun honen esanetan, “euskal kultura zabaltzeko hezkuntza gune berri bat sortzea zen nire ametsa eta bete dudala uste dut. Etorkizunari begira, hemengo euskal etxearen eta Ikastolaren arteko harremanak bermatu beharko luke euskal kulturaren hedapenaren jarraipena eskolan. Hala ere, eta geratzen direnak ados badaude, ni prest nengoke laguntzen jarraitzeko batez ere akordioak eta oro har ekimenak gauzatzen laguntzeko. Uste dut proiektu hauek gure bi herrialdeok, Argentina eta Euskal Herria, hurbiltzeko balio izan dutela eta hala balio izaten jarraituko dutela”, azaldu du orain arte erakundeko legezko ordezkaria izan den Xabier Zubillagak.
[Ikastolaren aurrealdea (argazkiaEE)]
“Nire hurrengo ametsa euskal etxeei euren herrietako eskoletara hurbiltzen laguntzea da, agian euskal administrazioak ere tarteko, bertan euskal kultura susta eta heda dezaten. Hori baliabide batzuen bidez egingo litzateke, hala nola, Euskal Herrian sortutako ikas materialarekin, euskal etxeetako dantza eta euskara irakasleen partaidetzarekin edota diasporari buruzko gaietan adituak diren irakasleekin. Horretaz aparte, irakasle-trukeak ere, urria eta abendu bitartean Mondragon Unibertsitateari esker Necochean burututakoaren modukoak, oso aukera onak izan daitezke: hemengo eskolentzat, Europari begirako atea irekiko zaielako; eta bestetik Euskal Herriko irakasle gazteentzat, une honetan han bizi duten langabeziari aurre egiten laguntzeko”.
“Azken puntu honi dagokionez, uste dut orain arteko proiektua seguruenik hobetu badaiteke ere, oso esperientzia ona izan daitekeela errepikatzeko. Nik aurkeztu dut euskal erakunde batzuetan baina erantzunik ez dut jaso. Hala ere, ez dut itxaropena galtzen, batez ere ikas materiala egiteko baino ez baita behar baliabide edo sostengurik. Izan ere, Necocheako Ikastola inongo laguntzarik gabe –gure ahalegin handiarekin baino ez– abiatu eta hazi da. Behar dena borondatea da, eta oso logikoa izango litzateke borondate hori izatea, krisi garaian, irakasleen langabeziari aurre egiteko modu bat izan daiteke eta. Espero dut hemengo ekimenak indartu eta oraingo nire proposamen hau ere abian jarri ahal izatea leku gehiagotan, euskal kultura zabaldu nahi dugun guztion babesarekin”, amaitu du Zubillagak.