San Frantzisko, AEB. Koronabirusak eragindako egoera oraindik ezegonkorraren karietara, New Londongo antolaketa 2022ra pasatu da. Hala erabaki dute AEBko Euskal Erakundeen Federazioak (NABO, North American Basque Organizations) eta New England Basque Clubek (NEBC) joan den larunbatean egindako bilera birtualean. Gogora dezagun NABOk New Londonen behar zuela egin 2020ko bere Biltzar Nazionala, eta NEBC horretan ari zela ilusio eta dedikazio handiz, baina pandemia-egoera kari 2021era atzeratu zela. Eta orain 2022ra. New Londonen egitearekin, lehenengo aldiz egingo du bere historian NABOk bere Biltzar Nagusia (Convention) AEB Ekialdean.
Iaz kantzelatu behar izan zenean NABOk eta NEBCek adostu zuten antolaketa txanda ez korritzea eta beraz, aurten ere NEBC izatea antolatzaile eta New Londonen egitea.. Aurten, NEBCek ahal izan duen arte mantendu du hitzordua, baina abuztua gero eta hurbilago egonik, zuhurtziak aurtengoa ere bertan behera uztea gomendatu du, ezin baita aurreikusi eta beraz bermatu zein egoeran egongo garen udan. Erabakia, beraz, New Londonekoa, beste urtebete atzeratzea da, 2022ko abuztura.
2021ean egingo ez delarik New Londonen NABOren Biltzar Nagusi eta Euskal Elkarretaratze Nazionala, bestelako deia egin du NABOk eta San Frantziskoko euskaldunekin adosturik, Kaliforniako hiri honek abuztu hondarrean egin ohi duen hitzordura mugitu du aurtengo Biltzar deia. Bilera, hibridoa izango da, presentziala eta birtuala, EE bakoitzak nahi edo ahal duen neurrian. Gogora dezagun aurretik ere Boiseko Jaialdi bestak lehenik 2020tik 2021era mugitu zuela bere deia, eta ondoren 2022ra